Memoria historikoa berreskuratuko dute Ataunen eta Ordizian
Ataunen gaur hasiko dira ekitaldiak, 'Emakumeak Ezkaban' hitzaldiarekin. Anje Duhalderen kantaldia izango da hilaren 26an. Ordizian, bihar, 'Ahaztuen mindura' liburua aurkeztuko duteAbendua memoria historikoaren hilabetea izango da Ataunen. Gaur, Amaia...
Ataunen gaur hasiko dira ekitaldiak, ‘Emakumeak Ezkaban’ hitzaldiarekin. Anje Duhalderen kantaldia izango da hilaren 26an. Ordizian, bihar, ‘Ahaztuen mindura’ liburua aurkeztuko dute
Abendua memoria historikoaren hilabetea izango da Ataunen. Gaur, Amaia Kowashek Emakumeak Ezkaban; elkartasun eta laguntza sarea gaia jorratuko du, 19:00etan, San Gregorioko elkargunean egingo duen hitzaldian.Hilaren 17an, Floren Aoizek Espainiar bigarren trantsizioa ala euskal bidea? gaiaz hitz egingo du. Abenduaren 19an eta 20an, Lasa eta Zabalaren filma, eta 22an, Zohardia filma ikusteko aukera izango da. Abenduaren 26an, berriz, Anje Duhalderen kantaldia izango da. Hiru ekitaldi horiek Herri Antzokian izango dira.
Memoria historikoaren jardunaldiarekin amaitzeko, Aiako oroitarrian, «gerraren ondorioak jasan dituztenei omenaldia» egingo diete abenduaren 30ean.
Ordizian ere ekitaldi ugari
Ordizian ere, memoria historikoa berreskuratu nahian ekitaldi ugari antolatu dituzte egunotan. Gaur, 19:00etan, Memoriaren eta desmemoriaren borroka hitzaldia egingo du Ander Iturriotz ordiziarrak, D’elikatuzen. EHUko irakaslea da Iturriotz, Soziologian doktorea.
Bihar, berriz, giza eskubideen nazioarteko egunean, Ahaztuen mindura. 1936ko gerra eta lehen frankismoa Ordizian liburua aurkeztuko dute, 18:30ean, Udaletxeko batzar aretoan.
Ekitaldiekin amaitzeko, larunbatean, 18:00etan, Herri Antzokian, Uda minean negua dokumentala aurkeztuko du Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko Taldeak.