Beharrean direnentzat janaria eta osasungintzako materiala jaso zuten lehenengo. Martuteneko kartzelan dauden presoentzat jantziak eta arropa ondoren. Eta, orain, diru iturririk ez duten familiei ohiko gastuetan laguntzeko diru bilketa egingo du Lazkaoko Caritas erakundeak. Datozen egunotan burutuko dute ekimena, Gabon egunetan. Bi kontu korronte zabaldu dituzte Kutxabanken (0125303446) eta Laboralkutxan (0881051388).
Herritarrek ongi deritzoten sosak sartzeko deialdia egin du Caritasek. Behingo ekarpena egin daiteke, edo hilean behin, hiru hilero edo urtean behin jarraitzeko agindua eman. Bestetik, asteburu honetan ospatuko diren mezetako bilketak ekimen horretara bideratuko dituzte.
Jasotako diruarekin beharrean direnentzat arropa, janaria, etxebizitzaren alokairua, ura, argindarra, garraioa, eskolak eta beste ohiko gastu batzuk ordaintzen lagunduko du Caritasek.

Caritasek janari bilketa egin zuenekoa, abenduaren hasieran, Lazkaon./Aimar Maiz