Lazkaoko Udalak 6,8 milioi euroko aurrekontua izango du 2015ean
Lazkaoko Udalbatzak aurreko asteazkenean onartu zuen 2015eko udal aurrekontua. Guztira 6.826.145,60 euro izango ditu. Aurtengo aurrekontutik %8,24 igoko du.
Inbertsioearako 883.804 euro bideratu ditu. Lan nagusia Joxemiel Barandiaran kiroldegian energia eraginkortasuna hobetzeko izango da, 350.000 euroko kostuarekin. Lazkaomendi aldera oinezkoen pasabidea eraikitzeko proiektuan, 150.000 euroko lehenengo diru sail bat ere bereizi du, aurten herritarren partaidetza prozesuan aukeratutako 6. zebankidun proposamena lantzeko. Gurutze auzoan hirigintza proiektua (80.000) eta Mikelarren berritzeko falta den zatia (21.000) gauzatzeko ere izendatu dituzte diruak.
Pertsonal gastuen sailetik, berriz, lan publikoa sustatzeko programak jarraituko du datorren urtean ere. Herri mantenurako lau langile, bi administrari, eta ingurumen eta komunikazio teknikariak kontratatuko ditu udalak, langabezian dauden herritarren artetik, 6 hilabeteko lanaldirako. 173.000 euro jarri ditu horretarako.
Bestetik, udal zerga eta tasak bere horretan utziko ditu Lazkaoko Udalak 2015erako. Ez dute igoerarik jasango. Salbuespena komertzioei dagokien hondakin bilketa tasan dago. Komertzio bakoitzak behar dituen ontzi kopuruaren eta bilketa maiztasunaren arabera ezarriko zaie zaborraren tarifa.

Lazkaoko kiroldegia./Aimar Maiz