Gipuzkoako enkarterri astoen XVI. lehiaketa eta 'Egiptorako ihesa' kale antzezpena izango dira igande goizean
Astotxo festa ospatuko dute Lazkaon igandean. Goizeko hamarretan hasiko da
egitaraua, herrian barrena asto diana eginez. Ondoren, plazan erakusgai jarriko dituzte Gipuzkoa guztitik ekarritako abereak. Enkarterri astoa arraza autoktonoa indartu nahi du erakusketak, eta kalifikazio ofiziala egingo diete albaitariek ziurtagiria lortu nahi duten asto gazteei. Jarraian, Gipuzkoako ar eta eme onenak aukeratuko dituzte, XVI. lehiaketan. 300na euro eta zintzarri bana jasoko dute jabeek saritzat.
Berritasun gisa, etnografia osagaia sartuko du Antsoategi elkarte antolatzaileak aurten. Astoek garai batean egiten zituzten lanak erakusteko, baserrietatik bildutako tresnak, lepokoak, karroak eta bestelako objektuak erakutsiko dituzte plazan, astoak “jantziz”.

Asto lehiaketan iaz irabazle suertatu ziren asto arra eta emea./Aimar Maiz
Plazako erakusketa bukatzen denean, 13:00etan, ‘Egiptorako ihesa’ kale antzezpena hasiko da, Lazkao Txiki Zelaian. 150 bat lazkaotarrek parte hartuko dute aurten ere, Jesusen jaiotza, Herodesen jazarpena eta familiak Palestinatik Egiptora ihes egin zueneko pasarte biblikoa irudikatzeko. Aurrez, 12:30ean, haurren desfilea egingo dute, Hiribarren aldetik Infantaduko jauregiraino.
Festaren jatorria 1652koa da. Familia Sakratuaren ihesa irudikatzen zuen irudi multzoa jartzen hasi ziren, Zistertarren komentuan. Igandean ere ikusi ahalko dira (XIX. mendean eginak dira gaur egungo irudiak), eliza berean. Oblea bereizgarriak ere salduko dituzte.

‘Egiptorako ihesa’ antzezpenaren une bat, iaz./Aimar Maiz