Lazkaoko Astotxo festan 95 asto erakutsi dituzte, eta 'Egiptorako ihesa' kale antzezpenak osatu du eguna
Gipuzkoako XVI. Enkarterri Astoaren lehiaketak aspaldiko maila altuena izan du, aurten. Lazkaon, igandean, 95 astoren artean aukeratu zituzten euskal arrazako ezaugarriak ondoen betetzen dituzten abereak. Elgoibarko Txomin Arriolaren ‘Leonor’ izendatu dute eme onena, ‘Modesta’-rekin lehia estua izan ondoren. Ar onena, berriz, Belauntzako Miguel Gabirondoren ‘Fermin’ da. 300na euro eta zintzarri bana jaso dituzte saritzat.
Euripean, jende asko bildu zen Lazkaon, atzo. Plazan, Antsoategi elkarteak antolatutako erakusketa-lehiaketan, euskal arrazako astoak direla ziurtatzen duten agiria lortzeko 18 asto kalifikatu zituzten. 14k lortu zuten; besteak, gutxieneko 1,03 metroko altuerara iristen ez zirelako, edo hankakk eta burua “zuriegiak” zituztelako, atzera bota zituzten.
Antzinako lanbideak eta astoak egiten zituen garraio-lanak erakusteko, kartolak, astasaskiak eta garai bateko tresnak era jarri zizkieten asto batzuei.
Lehiaketarenak bukatuta, Zelaian Egiptorako ihesa antzeztu zuten ehundik gora lazkaotarrek, Zawopi taldeak gidatuta. Ohi bezala, eliza aurrea eta Zelaia koreografia zainduz apaindu zituzten. Dantza gehiago sartu dute aurtengo ikuskizunean, berritasun gisa.