Edu Jimenezek Master 30 kategorian lortu du txapela; Xabier Mendiarazek berriz, Master 40B mailan
Edu Jimenez, Master 30 mailako txapelduna
Espainiako Ziklokros Txapelketa jokatu dute asteburuan Xixonen, eta master mailan, bi txapel lortu dituzte Goierriko ordezkariek. Biak ere, Master mailan etorri dira; Ataunen bizi den Edu Jimenez arabarrak Master 30 mailako lasterketa irabazi zuen; Xabier Mendiaraz zaldibiarrak berriz, Master 40B mailakoa.
Goizean jokatu zituzten 40 urtetik gorako lau mailetako probak. Horietako azkenean, Master 40B mailakoan (45-49 urte artekoak), parte hartu zuen Xabier Mendiaraz zaldibiarrak. Gutxika postuak irabazten joan zen gainera, indarrean hasi zen Castor Gonzalez asturiarrari aurrea hartuz. Lasterketaren bukaeran, “oso irteera txarra” egin zuela azaldu zuen Mendiarazek; “baina ez naiz urduri jarri eta pixkanaka postuak aurreratzen joan naiz, Julian Adrada eta Castor ikusi ditudan arte. Bukaeran eraso egin eta ihes egin dut”.
Arratsaldean jokatu zuten Master 30 mailako lasterketa. Bertan, Ataunen bizi den Edu Jimenez arabarrak lortu zuen txapela. Eguraldiak okerrera egin zuen eta lokatz artean eta lehia biziarekin jokatu zuten proba. Kanporaketa bidez egin zen lasterketa, eta hamar txirrindulariko taldea gelditu zen bukaerarako. Jimenezek erasoa jo eta gainontzekoei tartea atera zien, garaipena lortuz.