Legazpiko Udalak bizikleta elektriko bat erosi du langileentzat
Legazpiko Udalak bizikleta elektriko bat erosi du langileek eta zinegotziek euren egunerako zereginetan autoa gutxiago erabil dezaten. Udalak sei hilabetetan proban eduki du bizikleta eta, erabilera ona izan duela ikusita, erostea erabaki du. Udal arduradunen ustez, bizikleta elektrikoa «bizkorra, isila, ekologikoa, osasungarria eta eraginkorra» da. Bizikleta arrunt bat da, baina motor elektriko bat eta bateria ditu erantsita. Motorra atzeko gurpilean txertatuta dago, bizikletari indarra emateko. Entxufe arrunt batean kargatutako bateria batetik jasotzen du energia. Bizikletaren bateriak 50 kilometroko autonomia du. Indarrean dagoen legedia dela eta, ezin du orduko 25 kilometroko abiada gainditu. Gainera, pedalei emateari utziz gero, motorra gelditu egiten da. Bizikleta arrunt bat bezala erabil daiteke eta, aldapa batera iristean, motorra piztu.