Ofizialki inauguratu dute Ordiziako Agerrebidea
Abenduaren 24tik erabilgarri dago ibilgailu, oinezko eta txirrindularientzat CAF-Lazkaibar eta N-I lotzen dituen bidea.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko Mugikotasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Igor Eguren Ordiziako alkateak eta Iban Asenjo zinegotziak inauguratu dute gaur goizean ofizialki Agerrebideko errepide zati berria. Foru Aldundiak eta Udalak 2013ko abenduan sinatu zuten errepide hori egin ahal izateko hitzarmena, eta 2014ko lehen seihilekoan prozedura guztiak abian jarri ondoren, lau hilabetean bukatu dira lanak. Bi erakundetako ordezkariak pozik agertu dira errepidearen irekierarekin, eta ibilgailu, oinezko eta txirrindularien mugikortasuna eta segurtasuna hobetuko dela adierazi dute.
Eremu horretako lanak, ordea, ez dira bukatu oraindik. Zati horren bidegurutzea eta Goierri Eskolaren azpialdean dagoen espaloia lotzeko lanak egiten ari da Aldundia. Zati hori egindakoan, Goierrira, Garbigunera edo Oiangu aldera doazen oinezkoek ez dute zertan bide bazterretik ibili beharrik izango. Lan horiek datozen egunetan bukatuko dira; 59.000 euroko kostua izango dute.












