CAFek Herbeheretarako egingo dituen tranbiak
CAFek jakinarazi duenez, CAF Signallingek eskuratu du Monforte del Cid-Murtzia (Espainia) arteko AVE linearen seinaleztapena egiteko kontratua. Abiadura handiko trenaretzako seinaleak eta telekomunikazioak egingo ditu 155 milioi euroren truke. Kontratuak 20 urterako hitzarmena dakar.
Espainiako linea hori bigarren mailako ERTMS sistemarekin, katigamendu elektronikoarekin eta zirkulazioaren kontrol-zentroarekin ekipatuko du. Hau da Adifek CAF Signallingi esleitu dion abiadura handiko seinaleztapeneko bigarren proiektua.
Herbeheretan tranbiak
Uithof linea berrian zirkulatuko duten tranbiak egingo ditu, 27 guztira, eta proiektuaren kostu osoa 440 milioi euro ingurukoa izango da. Uithof lineak hiriburuko geltoki zentrala eta hiriaren ekialdean dagoen unibertsitate campusa lotuko ditu. Linearen ezpiegitura eraikitzea ere CAFen ardura izango da, guztira 8 kilometroko luzeerarekin eta bederatzi geltokirekin.
CAFek Urbos plataformako tranbiak egingo ditu, %100ean zoru baxua eta bost modulo dituztenak. Bi noranzkoko ibilgailua da eta albo bakoitzeko lau ate bikoitz ditu. 80 kilometro orduko abiaduran zirkulatzeko prestatuta daude. Guztira, 216 bidaiari garraiatu ditzake. CAFetik jakinarazi dutenez ibilgailuak bidaiariei informazioa emateko edo bideo-entretenimendua eskaintzeko azken belaunaldiko sistema du: barneko zein kanpoko panelak, bidaiariei informazioa emateko pantailak, larrialdietarako interkomunikaziorako gailuak…
Mexikori buruz aipamenik ez
Herbeheretan lortutako kontratuari Holanda, Mexikon, eta Bukaresten lortutakoak gehitu behar zaizkio. Lan horiek guztiek 2014ko azken hiruhilekoan 1.000 milioi euro inguruko kontratazio zenbatekoa ekarri die enpresari. Kontratu berrien jakinarazpena egin du gaur CAFek, baina Mexikon dituen arazoen berririk ez du eman.