Ertainen eguna dela-eta neurri bereziak hartuko dituzte gaur Ordiziako udaltzainek
Gaur ospatuko da bailarako ikasleak biltzen dituen Ertainen Eguna edo San Joan Bosko. Azken urteetan jaiak hartu duen bidearen ondorioz, Ordiziako Udaltzaingoak hainbat neurri hartuko ditu. Gehienak adinez nagusi ez direnen alkohol kontsumoa eragoztera bideratuta daude, eta sakelako telefonoen lapurreten aurkako jarduera berezi bat ere jarriko dute martxan.
Iaz ere neurri zehatzak hartu zituen Ordiziako Udaltzaingoak alkohol kontsumoa ekiditeko. Aurten, ordea, lehenbizi sentsibilizazio kanpaina jarri dute martxan. Lazkaoko eta Beasaingo Udaltzaingoarekin batera abiatutako egitasmoa izan da. Hala, hainbat hitzaldi egin dituzte hiru herrietako ikastetxeetan.
Egunean bertan, herriko jatetxeetan eta tabernetan ikusketak egingo dituzte udaltzainek, eta herriko dendetan adingabeei alkohola saltzea eragozteko zaintza lanak egingo dituzte. Adingabekoek adinez nagusi direnen bidez alkohola eskuratzea eregertutik zainduko da. Horrez gain, botelloia egiten duten adingabekoei edariak atzemango zaizkie. Azkenik, batez ere sakelako telefonoen lapurretak saihesteko jarduera berezia egingo dute.