Prentsaurrekoa eman dute, herritarrei eta komunikabideei eskerrak emateko. Bizkaitarrek gogor lan egingo dutela eta aurki Euskadiko plataforma sortuko dela esan duteHepatitis C gaixotasuna duen Jesus Gine legazpiarrak, bere alde lan egin duen taldeak e...

Prentsaurrekoa eman dute, herritarrei eta komunikabideei eskerrak emateko. Bizkaitarrek gogor lan egingo dutela eta aurki Euskadiko plataforma sortuko dela esan dute
Hepatitis C gaixotasuna duen Jesus Gine legazpiarrak, bere alde lan egin duen taldeak eta Bizkaiko Hepatitis C plataformak prentsaurrekoa eman dute jaso duten laguntza eskertzeko. Legazpiar honek Osakidetzak Sovaldi botika ematea lortu du eta bere alde lan egin duen taldeak Bizkaiko taldeari pasa dio lekukoa. Bizkaitarrek aurki erkidego mailako plataforma sortuko dela jakinarazi dute.
Prentsaurrekoa atzo eman zuten, udaletxean. Ginek, hunkituta, herritarrei, komunikabideei eta Bildu alderdiari eskerrak eman zizkien. «Bilduk udaletxeko eta Eusko Jaurlaritzako ateak ireki zizkidan eta, horri esker, komunikabideek nire arazoaren berri izan zuten. Oihu egin izan banu ere, inork ez zidan kasurik egingo, komunikabideen laguntzarik gabe. Beraiei esker lortu dut politikariengana heltzea».
Herritarrentzat ere hitz politak izan zituen. «Legazpiarrek une oro animatu naute. Ea zortea dudan eta sendatzen naizen. Nik eta nire familiak bihotzean eramango zaituztegu beti».
Legazpiko lan taldeko lagunek Osasun sailburuaren erantzunaren zain denbora gehiegi eman dutela esan zuten. «Erantzunik gabeko galdera asko ditugu. Nola gerta daiteke botika-enpresa batek sendagai bat ateratzea, patentea beste enpresa bati saltzea eta honek, aberasteko, salneurria izugarri igotzea? Non daude agintariak? Nolatan uzten dute halako gauzak egiten? Zertarako balio digute orduan politikoek?».
Ez dira horiek egin zituzten galdera bakarrak. «Estatuko osasun sistemak martxan jarri behar duen estrategia Euskadira helduko al da? Hala ez bada, ze irizpide erabiliko dira tratamendu antibiralak emateko orduan? Osakidetzak ba al daki zenbat gaixo dauden Euskadin eta euren larritasunaren arabera sailkatu al ditu?». Bukatzeko, Osasun sailburuari galdera hauek erantzuteko eta gaixoen elkarteekin elkartzeko eskatu zioten.
Bizkaiko plataformakoak izan ziren hitza hartzen azkenak. Hasteko, Legazpiko taldeari eskerrak eman zizkioten: «Hemen egoteko eman diguten aukeragatik eta gaixoentzako sendagaiak eskatzen lehenak izan zirelako».
Estrategia eske
Bizkaitarrek tratamendu gutxi eskaintzen ari direla eta hauetako asko berandu heldu direla salatu zuten. «Egunero 12 lagun hiltzen dira hepatitis C gaixotasunagatik». Osasun irizpideak erabiltzeko eskatu zuten. «Zein irizpide erabiltzen diren eta adituen batzordea nortzuk osatzen duten jakin nahi dugu». Gaixotasunaren aurka borrokatzeko estrategia eskatu zuten eta aurki Osakidetzako arduradunekin bilduko direla eta Euskadiko plataforma sortuko dela aurreratu zuten.