«‘Pankreas’ Centro Dramático Nacionalen antzeztu behar dugu»
Joseba Apaolazak (Urretxu, 1960) Pankreas lana antzeztuko du gaur, 22:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Tartean konpainiaren antzezlan horretan, Apaolazak Mikel Martinezekin eta Patxo Telleriarekin lan egiten du. Komedia horretan bi galdera hauei erantzuna ematen saiatzen dira: Zer egingo zenuke lagun baten bizia salbatzeko? Zer emango eta zer gordeko zenuke? Zer diozu ‘Pankreas’ lanari buruz? Zergatik merezi du ikustera joateak? Gauza bategatik merezi du, batez ere, antzokira joateak: oso ondo idatzita dagoen endredua delako. Antzezlan honek berezitasun azpimarragarri bat du, gainera: bertsoz egina dago. Hala da. Nire ustez, horrek dotorezia ematen dio antzezlanari. Gainera, ez dago aurrekaririk. Bertsoz egindako lehen euskal antzezlana da. Oso neketsua izan al da bertsoz idatzitako antzezlan bat prestatzea? Arraroa, berezia, berria… izan da. Antzezlan honetan ez dago ezer inprobisatzerik. Bestelako lanetan ere ere oso gutxi inprobisatzen dugu, baina beti ere aukera hori dugu. Hemen, errimatua denez, ez dago horretarako aukerarik. Zaila al da bertsoz egindako antzezlan batean naturaltasunari eustea? Halako antzezlanak dotoreak dira, baina ohikoak baino artifizialagoak. Tentsioa mantendu behar da sonikete nekagarri batean ez erortzeko. Antzezlanak harrera ona izan al du? Oso gustura gaude jendearen erantzunarekin. Toki guztietan oso harrera ona izan du. Izan ere, gaurkotasun handiko gaiak jorratzen ditugu: adiskidetasuna, leialtasuna… Gainera, umorez. Jatorrizko [...]
Joseba Apaolazak (Urretxu, 1960) Pankreas lana antzeztuko du gaur, 22:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Tartean konpainiaren antzezlan horretan, Apaolazak Mikel Martinezekin eta Patxo Telleriarekin lan egiten du. Komedia horretan bi galdera hauei erantzuna ematen saiatzen dira: Zer egingo zenuke lagun baten bizia salbatzeko? Zer emango eta zer gordeko zenuke?
Zer diozu ‘Pankreas’ lanari buruz? Zergatik merezi du ikustera joateak?
Gauza bategatik merezi du, batez ere, antzokira joateak: oso ondo idatzita dagoen endredua delako.
Antzezlan honek berezitasun azpimarragarri bat du, gainera: bertsoz egina dago.
Hala da. Nire ustez, horrek dotorezia ematen dio antzezlanari. Gainera, ez dago aurrekaririk. Bertsoz egindako lehen euskal antzezlana da.
Oso neketsua izan al da bertsoz idatzitako antzezlan bat prestatzea?
Arraroa, berezia, berria… izan da. Antzezlan honetan ez dago ezer inprobisatzerik. Bestelako lanetan ere ere oso gutxi inprobisatzen dugu, baina beti ere aukera hori dugu. Hemen, errimatua denez, ez dago horretarako aukerarik.
Zaila al da bertsoz egindako antzezlan batean naturaltasunari eustea?
Halako antzezlanak dotoreak dira, baina ohikoak baino artifizialagoak. Tentsioa mantendu behar da sonikete nekagarri batean ez erortzeko.
Antzezlanak harrera ona izan al du?
Oso gustura gaude jendearen erantzunarekin. Toki guztietan oso harrera ona izan du. Izan ere, gaurkotasun handiko gaiak jorratzen ditugu: adiskidetasuna, leialtasuna… Gainera, umorez. Jatorrizko lana gazteleraz idatzi zuten eta Madrilgo Centro Dramático Nacionalen gazteleraz antzeztu behar dugu. Horrek, kalitatezko lana dela esan nahi du.
Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreekin lan egiten duzu. Azken urteotan Martinezek eta Telleriak biek bakarrik lan egin dute. Hirukotea osatzeko zu hautatu zaituzte. Ohorea al da?
Bikote baten erdian sartzea bezala izan da, baina oso ondo hartu naute.
Ba al duzu zer edo zer gehiago eskuartean?
Otsailean ikuskizun berri bat aurkeztuko dugu: Jokoz kanpo. Borobil konpainiak ekoiztu du. Anartz Zuazua da antzezlanaren zuzendaria eta Asier Hormaza eta Asier Sota aktoreekin lan egiten dut.
Zer esan dezakezu antzezlan berri horretaz?
Futbol zelai bateko harmailan gertatzen da istorioa. Ikusleen bizitza da antzezlanaren ardatza. Gaztetxoen futbol partida bat da eta inprobisazioa izan da nagusi. Gauza berria izan da niretzat. Urrian elkartu ginen lehenengoz inprobisazioak egiteko.
Beste antzezlanen bat prestatzen ari al zara?
Udazkenean beste antzezlan bat estreinatuko dut, Tanttaka konpainiarekin. Kreditua du izenburua. Fernando Bernues da zuzendaria eta Gorka Otxoarekin arituko naiz. Duela gutxi gaztelerazko bertsioa ikusi dut eta oso ona da. Luis Merlok eta Carlos Hipolitok lan egiten dute.
Zineman eta telebistan ere lan egin al duzu azkenaldian?
Iaz Sin identidad telesaila grabatu nuen Madrilen eta Perejil irlako gertaerari buruzko film batean ere parte hartu nuen. Goenkaleko lana, berriz, udazkenean bukatu nuen.
Zure ibilbideko antzezlan, telesail eta film kuttun bana?
Artea antzezlanak arrakasta polita izan zuen. Sona handiko lana zen eta asko gozatu genuen. Shakespeare osoa, gutxi gorabehera lanaren arrakasta ere aipagarria izan zen. Zortzi urte eman genituen berarekin eta Madrilera ere joan ginen. Asko gozatu genuen eta jendeak oraindik gogoratu egiten dit. Telesailei dagokienez, arrakasta gehien izan dutenak aipatuko nituzke: Aquí no hay quien viva, Acusados… ETB1eko DBH ere oso polita izan zen. Zineman, Baztan filmarekin asko gozatu nuen, baina ez du merezi zuen oihartzuna izan.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun emanaldi bat?
Emanaldi aldrebesak dira gehien gogoratzen ditugunak. Urte hauetan guztietan, denetik gertatu zaigu. Behin, lankide bat taulatik erori zen eta funtzioa bertan behera utzi genuen. Bestalde, bi urte eta erdi eman nituen Madrilen Concha Velascorekin musikal bat egiten eta Gabon zahar egunean ere lan egiten genuen. Gauerdian funtzioa gelditzen genuen, ikusleekin kanpaiak entzuteko eta mahatsa jateko, eta ondoren lanean jarraitzen genuen. Ezetz lepoa jarri! antzezlana ere berezia izan zen. Ikusleek parte hartzen zuten eta Altsasun mutiko batek gidatu zuen saioa. Barrez hasten ginen eta ezin genuen jarraitu.