Senpereko Iduzkilorea taldeak 'Hazparneko anderea' antzeztuko du gaur Lazkaon
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, herriz herri arrakastatsu zabaltzen ari den Hazparneko anderea antzezlana Lazkaon ikusi ahalko da, gaur (urtarrilak 30, ostirala). Senpereko (Lapurdi) Iduzkilorea antzerki talde amateurrak egingo du, Areria antzokian, 22:00etan hasita. Sarrerak, aurrez, udaletxean eros daitezke.
Irri egitea atsegin dutenentzat eta “momentu goxo bat” pasatu nahi dutenentzat da Hazparneko anderea. Telesforo Monzonek idatzia da, eta Ander Lipus aktorea dute zuzendari. 11 aktorek parte hartzen dute (tartean Lierni Elortza segurarra), eta zuzenean hiru musikarik girotzen dute obra.
Ikuskizunaren gaia Hazparnen kokatzen da, XX. mendearen hasieran. Indiano etxeko Geaxine eta Panpili Hazparnera itzuli dira, Ameriketan dirua egin eta gero. Mayi alabak Ezpeletako mediku gaztea maite du, baina Geaxinek markes batekin ezkonarazi nahi du. Komedia, amodioa, XIX. mendeko emigrazioaren isla eta amerikanoen etorrera, istorio berean uztartuak.
Lazkaoko gaurko emanaldia ez da izango Goierriko bakarra. Otsailaren 20an Seguran egingo du Iduzkilorea taldeak Hazparneko anderea, Aterpetxeko aretoan.