Errautsak jaso ahal izateko gunea egokitu du hilerrian Ordiziako Udalak
Hilotzak errausteko joera areagotzen ari dela eta, errautsak jasotzeko gunea prestatzeko obra egin du Ordiziako Udalak San Joango hilerrian. Guztira 50 hobi jasotzen dituen kolunbario bat jarri dute, granito trinkoz eginda dago. Lau kolunbario jartzeko moduan egokitu dute lur-saila; oraingoz bakarra jarri dute eta eskaeren arabera jarriko dituzte gehiago. Guztira, 14.500 euroko kostua izan du.
Pentagono itxurakoa da kolunbarioa eta 2 metroko diametroa du. Hobi bakoitzak 30 zentimetro kubikoko neurria du. Iban Asenjo zinegotziak aurreratu du datozen egunetan hasiko dela Udala zerbitzua ematen. Kolunbario berriak leku gutxi okupatzen du eta “zerbitzu egokia” ematea bermatzen du. “Errautsak jasotzeko orain arte zegoen aukera baino garbiagoa da hau, mantenurako errazagoa, eta ez dago inolako obrarik egin beharrik”, zioen. Hobietan jartzeko plakak nolakoak izan behar duten erregulatu egingo dute, denak ezberdinak izan ez daitezen; kostuan ere aldea izango du.