60 eta 200 metrotan marka berriak jarri ditu Furundarenak. Ainhoa Argandoñak brontzezko bi domina eskuratu zituen proba beretan
Zuen guztia emanda, erakustaldi bikaina egin zuen Alazne Furundarena atletak joan zen asteburuan Donostiako belodromoan jokatu zen Euskadiko txapelketan. Atletico San Sebastian taldearekin aritzen da ordiziarra.
Larunbatean garaile izan zen abiadurako 60 metrotako proban 7:54 denborarekin. Lehendik ere berak jarria zuen markarik onena gainditu zuen. Igandean, berriz, garaipena errepikatu zuen 200 metrotan 24:04 denbora egin eta Gipuzkoako errekor berria jarriz. Azken hau ere berea zuen lehendik, 24:06koa. Espainiako inoizko markarik onenen zerrendan hamargarren postuan jarri da Furundarenarena. Pozik amaitu zuen txapelketa, errekorra gainditzea espero etzuela aitortu zuen arren. Bereak zituen lehendik ere Gipuzkoako 60, 100 eta 200 metrotako probatako denborarik onenak.
Txapelketa bikaina egin zuen Ainhoa Argandoña Txindoki-Jaso taldeko atletak ere. 60 metrotan hirugarren postua lortu zuen 7:89 denborarekin eta postu bera errepikatu zuen 200 metrotan 25:37 marka pertsonalarekin. Antequeran (Malaga, Espiania) jokatuko den Espainiakorako pasea lortu zuen Gipuzkoako inoizko hamargarren markarik onenarekin.
Iruñeako Atletikorekin Nerea Galparsoro ordiziarrak laugarren postua lortu zuen 60 metrotan 7:98 denborarekin eta seigarrena 200 metrotan 26:26 denborarekin (26:22koa egin zuen finalerdietan). Ainara Zubeldiak bosgarren egin zuen 60 metrotan 8:07 marka personalarekin. Donostian jokatuko den Espainiako jubenil txapelketarako minimoa lortu zuen Zubeldiak. Proba berean Garazi Garmendiak 18. egin zuen 8:46koarekin.
400 metrotan, berriz, Janire Agirrek seigarren postua lortu zuen 1:01:22 denborarekin.
Gizonezkoen 3.000 metrotako proban titulu bikaina lortu zuen Gorka Satrustegik 8:25:75 denborarekin Txindoki klubeko errekor absolutua jarri zuen; 2009tik Xabier Mirandarena zen marka 8:30:35ekoa. Eneko Agirrezabalek bigarren postua lortu zuen 8:30:81 denborarekin.