Ampo Ordiziako jokalariak Gernikaren aurkako batean. Argazkia: Ruben Vazquez.
Santanderrera bidaiatuko du etzi Ampo Ordiziak 12:00etan hasiko den partida jokatzeko. Sailkapenean bosgarren postuan den Bathco Independiente izango du aurkaria. Jokalari onak izan arren, talde bezala dena ematea lortzen ez duen taldea da gaur gaurkoz. Espainiako Selekzioarekin Bathcoko bost jokalari dabiltza azken deialdietan. Aste honetarako ere hiru deituta daude Errumaniaren aurka jokatzeko: Francisco Sanz, Juan Anaya eta Javier de Juan. Aurrelariak dira hiruak eta hor izan dezakete aukera Ampo Ordiziakoek jokoan dauden puntuak etxera ekartzeko.
Kontuan hartzekoak dira zigor kolpeak ere. Ampok ezingo ditu faltak egin bere zelai erdian, horiei probetxua ateratzeko dagoelako Santiago Tobal. Jokalari honek Altamiran jokatu zuen partidan aukera izan zuen bakoitzean baloi guztiak sartu zituen zutoin artean.
Ampoko jokalariei dagokionez, zalantza da Asier Korta. Beste guztiak, berriz, entrenatzaileen esanetara daude.