«Politika egiteko beste modu bat» eskaini dio EH Bilduk Beasaini
Legealdi honetako balorazioa egin du udaleko gobernu taldeak
Legealdi honetan Beasaingo udal gobernutik herriari egindako ekarpenak «balioan» jarri ditu EH Bildu koalizioak. Azken lau urteetan egin duen lana baloratzeko agerraldia egin dute Beasaingo Udaleko gobernu taldea osatzen dutenek, eta zehaztu dutenez, «EH Bilduk ezkerreko ekarpenak egin dizkio Beasaini». «Tradizio politiko desberdinen arteko elkarlanetik» sortutako taldea dela gogoan izan dute koalizioko kideek, eta aitortu dutenez «asko ikasi» dute «elkarrekin lan eginda».
«Euskal Herrian eraldaketa politikoa eta soziala ematea» izan da EH Bilduren xedea, eta Beasainen bide hori egiten hasi direla ziurtatu dute, «herritarrekin batera elkarlanean lana eginez». 2011n hasi zuten bidea «gutxiengoan» egin duela ere gogoratu dute EH Bilduko ordezkariek, baina udalak «aurrekontuak urtero» onartu dituela esan dute, eta oposizioko alderdiekin «akordio ugari» lortu dituztela.
«Arduraz» egindako lana
Aipatutako guztia kontuan hartuta, eta «maiatzeko hauteskundeen aurretik», koalizioak Beasainen egin duen lanaren balorazioa egin du. Lau urte hauetan «arduraz» aritu direla ondorioztatu dute, eta «jasotako herentzia ona ez bada izan ere», egitasmo ugari gauzatu dituztela esan dute, «garairik onenak izan ez badira ere».
Herritarren inplikazioa eta elkarlana sustatuz, «proiektuak eta egitasmoak bai, baina kudeaketa» da bultzatu dutena, atzo koalizioko kideek esan zutenez: «Herritarren parte hartzea oinarri duen kudeaketa da bultzatu duguna». Horren adibide, Errekarteko prozesua eta gazte lokalen inguruan egindakoa aipatu dituzte.
«Herritarrekin elkarlanean»
Orain arte egindako bidea «herritarrekin elkarlanean» egiten jarraitu nahi du EH Bilduk Beasainen, herri «jasangarria, mugikortasun iraunkorra eta politika sozialak sustatzeko». Bide horretan, gainera, «arduraz» jokatzen jarraitu nahi dute, «orain lau urte hartutako konpromisoari eusteko eta Beasainen eraldaketa sustatzeko». Horretarako, «enplegua, mugikortasuna, ingurumena, irisgarri- tasuna, politika sozialak…» izango dira koalizioaren lehentasunak.