«Afrikarren pentsaerak garapenarekin talka egiten du ezinbestean»
Hegazkinak Madrileko aireportuan lur hartu zuenean, urte eta erdi zen Juan Carlos Diez de la Calle (Zumarraga, 1963) misiolari xabiertarra ez zela Afrikatik ateratzen. Itxaronaldian telebistako albistegiei begira geratu, eta eguraldiaren albisteen luzerak harritu zuen. «Horrenbesteko arazoa al da eguraldia?», galdetu zion bere buruari. Txadetik Zumarragako bidea hartu zuen osasun arazo bat tarteko, eta martxoaren hasierara arte bertan egongo da familiarekin. Elkarrizketa egin bitartean afrikartzat hartu du bere burua: «Guk, afrikarrok», esan du konturatu gabe. Hamazazpi urte egin ditu jada Afrikan: Txad, Kamerun eta berriro Txad. Sei urte dira Txadeko zentro mendebaldeko komunitate berean bizi dela. Nolako komunitatean egiten duzu lan? Lurralde zabala hartzen duen parrokia bateko burua naiz. Txadeko zentro mendebaldean gaude, massa etniaren lurraldean. 6.000 bat kide dituen kristau komunitate batekin lan egiten dut, guztira 70.000 biztanle inguru dituen eremuan; horrenbestez, kristauak gutxiengoa dira. Edozein kasutan, gehienek beren erlijio dute. Animistak direla esan ohi da, baina Afrikako erlijio tradizionalarekin bat egiten dutela esatea egokiagoa da. Monoteistak diren arren, naturari lotutako espirituak gurtzen dituzte. Massa etnia abeltzaina da, behiak dituzte. Horrez gain, artatxikia eta arroza lantzen dituzte eta Logona erreka handian arrantzan aritzen dira. Sabana eremua da eta lur zati asko ur azpian geratzen dira erreka hazten denean. Irlatxoak [...]
Hegazkinak Madrileko aireportuan lur hartu zuenean, urte eta erdi zen Juan Carlos Diez de la Calle (Zumarraga, 1963) misiolari xabiertarra ez zela Afrikatik ateratzen. Itxaronaldian telebistako albistegiei begira geratu, eta eguraldiaren albisteen luzerak harritu zuen. «Horrenbesteko arazoa al da eguraldia?», galdetu zion bere buruari. Txadetik Zumarragako bidea hartu zuen osasun arazo bat tarteko, eta martxoaren hasierara arte bertan egongo da familiarekin. Elkarrizketa egin bitartean afrikartzat hartu du bere burua: «Guk, afrikarrok», esan du konturatu gabe. Hamazazpi urte egin ditu jada Afrikan: Txad, Kamerun eta berriro Txad. Sei urte dira Txadeko zentro mendebaldeko komunitate berean bizi dela.
Nolako komunitatean egiten duzu lan? Lurralde zabala hartzen duen parrokia bateko burua naiz. Txadeko zentro mendebaldean gaude, massa etniaren lurraldean. 6.000 bat kide dituen kristau komunitate batekin lan egiten dut, guztira 70.000 biztanle inguru dituen eremuan; horrenbestez, kristauak gutxiengoa dira. Edozein kasutan, gehienek beren erlijio dute. Animistak direla esan ohi da, baina Afrikako erlijio tradizionalarekin bat egiten dutela esatea egokiagoa da. Monoteistak diren arren, naturari lotutako espirituak gurtzen dituzte. Massa etnia abeltzaina da, behiak dituzte. Horrez gain, artatxikia eta arroza lantzen dituzte eta Logona erreka handian arrantzan aritzen dira. Sabana eremua da eta lur zati asko ur azpian geratzen dira erreka hazten denean. Irlatxoak osatu, eta isolatuta gelditu ohi dira; isolamendu horrek inbasioetatik babestu ditu XIX. mendetik. Frantsesez eta bertako hizkuntzan hitz egiten dugu. Nolako gizartea da? Tradizionala da erabat. Kulturari erreparatuta tradizioak gordetzea oso onuragarria dela uste dut, baina beste esparru batzuetan atzean utzi ditzake; osasungintzan zein hezkuntzan, batik bat. Analfabetismo maila oso handia da, baita ezjakintasunarena ere. Haurren zein gazteen hilkortasun tasa itzela da. Beren kulturak harro sentitu arazten ditu, baina aldaketak ez dituzte ondo hartzen, hobetzeko bada ere. Zein aldaketa motari buruz ari zara? Adibide bat jarriko dut. Artzaintzan aritzen diren beste etnia batzuek beren animalien arrazak hobetzea lortu dute. Abeltzaintza selektiboa egin, eta behi kopurua handitu dute. Massa etniako kideak daukatenarekin konformatzen dira, eta, jakina, zilegi da. Hala ere, mendebaldetik iristen diren bizikleta, motorrak, zapatak edo sakelakoak ikusi eta nahiko lituzkete… Erretratu honetatik kanpo dauden salbuespenak egon badaude, noski. Osasungintza eta hezkuntza aipatu dituzu. Krisiaren izenean, mendebaldeak laguntza gutxiago bidaltzen duela nabaritu al duzu? Bai. Gure kongregazioak baliabideak dituen arren, eguneroko jatorduak eta motorrean egiten ditudan joan-etorriak finantzatzea gero eta zailagoa egiten zait. Proiektuak burutzeko dirua badago, baina eskola eraikitzeko dirua lortu daitekeen arren, irakasleei ordaintzeko dirua eskuratzerik ez dago. Gauza bera gertatzen da osasungintzan. Hiesaren kontra egiteko dirutzak eman, eta osasun zentroak eraikitzen ditugu, gero ez dute erizainei edo erizain laguntzaileei ordaintzeko aukerarik baliatzen eta eraikinak baino ez dira geratzen. Laguntzen mundua ideologiaz beteta dago. Ulertzen dut hemen eraiki berria den eraikinaren argazkia behar izatea, baina mantenua ezin dute hangoen esku utzi. Edozein kasutan, eskertzekoa da iristen den laguntza guztia. Hiesak gogor jo al du eremu hartan? Frogak egiten ez dituztenez, dagoena baino gutxiago dagoela uste da. Gaixo asko dago. Prebentzio lana falta da. Dena dela, ugariagoa da hiri eremuetan. Hiesa Txaden osasun arazo larria da. Ebola izurriteak, orain gutxi, lerroburu asko hartu ditu mendebaldeko herrialdeetako egunkarietan. Txaden ez da ebolarik egon, ezta? Ez, gurean ez. Kolerak heriotza asko eragin ditu orain gutxira arte eta malariak ebolak eraman dituenak baino gehiago eramaten ditu Afrikan. Horri buruz ezer gutxi esaten da. Ebolarena nahikoa arraroa izan da. Afrikan betidanik egon den gaixotasuna da, ezin dut ulertu zer gertatu den. Badago Afrika laborategi gisa erabiltzen dutela dioen legenda urbanoa… Legenda urbano bat baino gehiago da. Frogatu da laborategi gisa erabili dutela. Urte batzuk barru ebolarekin esperimentuak egiten ari zirela, eta horregatik zabaldu zela esaten badute ez zait sinesgaitza egingo. Txadeko hezkuntza sistemaren zertzelada batzuk emango al zenituzke? Neskatilak bazter uzten al ditu? Hezkuntza sistema egon badago, baina desastre hutsa da. Bai, nesken eta mutilen arteko diskriminazioa agerikoa da eta areagotu egiten da, gainera, landa eremuan. Edozein modutan, baliabideak dituzten familietako neskak ere ez doaz eskolara. Nesken patua ezkontzea eta seme-alabak izatea da. Gazteriak, oro har, ez du etorkizun handirik. Prostituzioa ugaltzen ari da, gero eta ume gehiago dago hirietako kaleetan; gazte jendearentzat aterabideak oso mugatuak dira. Zatitutako gizartea da. Tradizioari eusten diote eta mendebaldeko modernitatearen aurpegirik perbertsoenarekin, kontsumoarekin, topatzen dira. Sekulako talka gertatzen ari da. Kamerungo mugatik 150 kilometrora bizi zara. Boko Haram-eko milizianoak ez daude urrun. Zein da egoera? Kamerungo armada muga defendatzen ari da. Camerunen, dagoeneko, zuri guztiek bizpahiru bizkartzain dituzte gauez eta egunez. Txadeko gobernuak Boko Haram-ekiko jarrera epela izan du orain gutxira arte. Txad milizianoen aterpe izan da eta Boko Harameko bigarrena bertan bizi da. Orain arte, lasai bizi izan gara, baina Txadeko gudarosteak Kamerungoarekin eta Nigeriakoarekin batera erasoaldi bat hasi berri du. Maiatzean goi bilera egin zuten Parisen eta erasoaldi hori hortik atera delakoan nago. Ez dakit aurrerantzean zer gertatuko den Txaden. Nigeriako iparraldea Boko Haram-en esku dago; Nigeriako armada ustela irten egin zen handik. Nola azalduko zenuke zer den Boko Haram? Ez dira Kalashnikov-ak eskuetan sarraskiak egiten dituzten lau katu. Armada bat da. Nire ustez, mendebaldeak ez dio behar beste garrantzia eman, eta etorkizunean arazoak sortu ditzakeela uste dut. Harrigarriak dira erabiltzen dituzten taktika militarrak eta ekipamendua. Badirudi Libiako ejerzito ohiko buruzagiak Boko Haram-en daudela. Ekipamendu ona dutela esan duzu. Nondik ateratzen dute? Muamar al Gadafiren Libiak armamentu oso boteretsua zuen eta haietako arma asko desertuan ezkutatu zituzten. Desertuan egiten ez diren armak ere badituzte, eta arma haiek fabrikatzen dituzten herrialdeetatik iristen dira. Atera kontuak. Droga trafikoan zein mafiatan sartuta daude, eta hori ere bada diru iturri bat. Egiten dituzten izugarrikerien krudelak beldurra hedatu, eta bertako gudarosteek ere ez dute haien aurrean erreakzionatzeko gaitasunik. Erlijioaren izenean ari direla diote, baina boterea baino ez dute nahi. Zer gertatzen zaio Afrikari? Zergatik ez da bere kasa garatzen hazteko gauza? Afrikarren pentsaerak garapenarekin talka egiten du ezinbestean. Afrikarren komunitarismoa parasitismo bilakatu, eta denak berdintzen ditu azpitik. Berez gizarte hierarkizatuak dira eta demokraziaren ideia ulertzea zaila egiten zaie, beti izan baitute nagusi bat; kastak ere badituzte. Berdintasunari dagokionez, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna ez dute onartzen. Toki gehienetan ez dago zer irakurri, eta inkontziente kolektiboan ainguratutako ideiak nagusitzen dira.