Errigorak Nafarroako oliba olioa eskatzeko kanpaina abiatu du gaur
Udazkenean Nafarroako produktu sorta dastatu ondoren, proposamen berria dakar Errigorak. Gaurtik hasita martxoaren 4ra bitartean oliba olio birjina estra eskatu ahal izango da.
Ohikoetatik kanpo dagoen merkataturatze bidea eraikitzeko asmoz ari da lanean Errigora. Iaz 30 bat herritan zabaldu zen egitasmoa. 30.000 litro olio eta 50.000 kontserba ontzi heldu ziren 1.500 sukaldetara. Aurten, berriz, Errigoraren sarea sendotuta, 50 herritan eskiniko dute bat egiteko aukera.
Goierrin Zaldibia eta Seguran izango da aukera eskariak egiteko, eskuorriak bete eta entregatuz edo formularioa on-line betez. Martxoaren 12an eta 13an izango dira jasotzeko egunak, Artxanberrin Zaldibiako kasuan; eta Guardi poligonoko 32-33 pabelloiean Seguran. Goizez, 10:00etatik-13:00era eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara izango da ordutegia.
Kanpainen baitako keinuez harago, “kontsumo ohiturak birplanteatu” eta urrunekoen ordez, urte osoan bertako jakiak kontsumitzeko ohitura sustatu nahi dute. Horretara dator #Eskutikeskura kanpaina, Nafarroa hegoaldeko produktuak herriz herri eta ekoizlearen jatorrizko prezioan eskaintzera, despentsa urte guztirako betetzeko.
Otsailean oliba olio bidoiak eskatzeko aukera izango bada, maiatzean kontserba loteek hartuko dute txanda. Eskaerak bi eratan egin ahal izango dira: 50 herriotan banatuko den eskuorria betez ala sareko inprimakiaren bidez. Bost litroko olio ekologiko bidoiak 28 euro balioko ditu; konbentzionalak, berriz, 20 euro.
Baina noiztik ekoizten da olioa Nafarroan? Zenbat? Eta zenbat olio kontsumitzen dugu Euskal Herrian? Galdera horien erantzunak eta egitasmoaren gaineko xehetasun guztiak jaso ditu Errigorak web atarian.