Badajozen izango da lasterketa, 171.4 kilometrokoa, eta zazpi taldekidek parte hartuko dute.
Ampo – Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldea Espainiako kopako lehen proban izango da etzi, Don Beniton (Badajoz, Espainia). Lau buelta eman beharko dizkiote Guadianako zirkuitoari, 171.4 kilometro osatuz. Txirrindulari hauek parte hartuko dute igandeko lasterketan: Peio Goikoetxea, Aitor Gonzalez, Mikel Elorza, Igor Romero, Ander Alonso, Joaquin Torres eta Asier Gandarias. ”
Taldeak adierazi duenez, salto bat gehiago eman nahi du Goierriko taldeak, probetako lehiaren parte izanez, “eta, zergatik ez, sailkapen nagusian lehiatu”.
Bihar Essor Basque lasterketa.
Bitan banatu beharko du asteburuan taldeak. Izan ere, batzuk Espainiako kopako lasterketara joango dira, eta beste batzuk Essor Basque lasterketako laugarren etapan parte hartuko dute bihar. Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) hasi eta amaituko da lasterketa, 117 kilometroko ibilbidea osatuta. Mendiko sariketarako puntuagarria izango da biharkoa.
Taldekide hauek izango dira Donibane Garazin: Josu Urrestarazu, Ahetze Arratibel, Andoni Mateos, Xabier Contreras, Jon Madariaga, Aitor Olaziregi, Eriko Mujika, Mikel Matxinea, Alain Gonzalez eta Julen Irizar.
Aurreko asteburuan bezain irudi ona ematen saiatuko direla adierazi du taldeak, eta, ahal bada, antzeko emaitzak lortzen. Joan den asteburuan postu onak lortu zituzten taldekideek, eta
talde lehiakorrena izendatu zuten Goierriko TB.