Goierriko emakume musikariekin lehiaketa egingo du Beasaingo Udal Euskaltegiak
Beasaingo Udal Euskaltegiak lehiaketa berezia egingo du datozen egunetan. Martxoak 8a aitzakia hartuta antolatu du, «Emakumeen Nazioarteko Egunari ekarpen xumea» egiteko asmoz. Goierriko emakume musikari ezberdinen inguruko pistak eman, eta nor diren asmatu beharko da.
Asteartean, otsailak 24, hasiko dira lehen pertsonaia ezkutuaren inguruko pistak ematen. Eta ordutik martxoaren 3ra bitartean egunero emakume musikari baten inguruko pistak emango dituzte. Mari Paz Martin udal euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, «pertsonaia bakoitzaren inguruan hiru pista» emango dituzte. Pertsonaia denak goierritarrak izango dira.
Sei pertsonaia ezkutu
Asteartean emango dituzte lehen emakumearen inguruko hiru pista, euskaltegiak duen blogean, facebookean eta Beasaingo Udalaren webgunean. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, hiru pistak kontuan hartuta egunero erantzun bat eman beharko dute. Erantzunak euskaltegira bertara, emailez, facebook bidez edo blogean utzi daitezke.
Sari banaketa martxoaren 5ean egingo dute, euskaltegian bertan, izenak ondo asmatu dituzten guztien artean. Bi sari banatuko dituzte, bat euskaltegiko ikasleen artean eta bestea lehiaketan parte hartu duten herritarren artean.
Laugarren lehiaketa Goierriko, Euskal Herriko eta atzerriko emakumeek jorratutako bidea hobeto ezagutzeko helburuarekin hasi ziren udal euskaltegian lehiaketa hau antolatzen. 2012an egin zuten lehena, eta orduan emakume zientzialariak izan ziren pertsonaiak, tartean Itxaro Perez herritarra.
Literatura eta kirola jorratu dituzte azken urteetan, eta aurten musikariak aukeratu dituzte. «Goierrin emakume musikari asko daude, eta aurten pertsonaia ezkutu denak eskualdekoak izango dira». Aurten Ttakun-ttakun! izena eman diote lehiaketari. Helburua «emakumeen ekarpena eta ahalegina ikusaraztea» da, eta bide batez euskaltegiko ikasleen eta herritarren artean harremana sortzea.