«Herri kirolak baserritik herrira bideratzeko lekua izango da»
Herri kirolerako teknifikazio zentroa egiten ari dira Beasainen, aldundiak, Gipuzkoako federazioak eta udalak bultzatuta. Herri kirolak sustatzea da hiru erakundeen helburua.
«Umeak txikitatik has daitezela herri kirolak ezagutzen, probatzen, hori lortu nahi da proiektu honekin» «2016ra arte martxan dagoen instalazio planen barruan dago proiektua, beste 40 planekin batera»Zergatik aukeratu duzue Beasain zentroa kokatzeko? Beasainen eta Goierrin beti egon izan da herri kiroletarako zaletasuna, eta beti bultzatu izan dira. Horri lotuta, aukera suertatu zen, herriko kiroldegian ia zazpi urtean erabilerarik eman ez zaion gune bat zegoelako. Igerileku estalia zegoen orubean ari dira lanak egiten, eta ia 300 metro koadroko eremua geratuko da. 2016ra arte martxan dagoen instalazio planen barruan dago sartuta proiektua, beste 40 planekin batera. Nolakoa izango da gune horren kudeaketa? Aldundiak gauzatu du proiektua federazioarekin batera. Lanak martxoaren erdialderako bukatuta egongo dira, eta, irailetik aurrera, 2015-2016ko ikasturtearen hasieran, hasiko da proiektua garatzen. Goierriko herri guztietan eskola kirolean dabiltzan umeekin eta gazteekin programa bat jarriko dugu martxan. Programa hori martxan jartzen denean ikusiko dugu benetako funtzionamendua zein izango den, jendeak erakusten duen interesaren arabera. Martxotik irailera bitartean, eskola kirolean dabiltzanei prestakuntza eskainiko zaie. Herri kiroletan aritu ahal izateko materiala egongo da bertan, pista zabal baten inguruan kokatuta dauden gela batzuetan. Bakoitzak behar duen materiala hartuko du, eta erdiko pista horretan arituko dira. Herri kiroletako profesionalek zein tarte izango dute? Gune guztiz irekia izango da, eta nahi duten profesional guztientzat. Hori da gure helburua ere, gazteak gune horretara biltzen direnean profesionalak bertatik bertara edukitzea, zertan eta nola aritzen diren ikustea, ezagutzea. Gazte horientzat erreferente bat izan daitezela. Profesionalen eta gazteen artean harremana sortzea da helburua, horrek gazteak motiba ditzakeelako. Eta herri kiroletan trebatu nahi duen baina profesionala ez den besteren batek? Horientzat ere irekita egongo da. Azken finean, herri kirol mundua, eta sortzen duen giroa, sustatu nahi dira, eta ez profesionalen artean bakarrik, gizarte osoan baizik. Lagun giroko apustuetarako prestatu nahi duenak ere, adibidez, erabili ahal izango du. Beasaingoa izango da lehen zentroa. Etorkizunean gehiago aurreikusten dituzue? Oraingoz, Beasaingoa izango da gune erreferentea, eta, etorkizunean, beharren arabera ikusiko da. Baina helburua ez da Beasaingo gunea mimetikoki beste eskualde batzuetara eramatea. Gehiago da teknikariak eta materiala edukitzea eta, unean-unean, behar den lekura mugitzea. Beasainen dago, eta, printzipioz, goierritarrentzat izango da, baina helburua Gipuzkoa osora zabaltzea izango da, noski.