Ioritz Imaz alkatearen eskutik egin dute bisita EAJko kideek. Gazta ekoizleekin, Ampoko ordezkariekin eta beste hainbat eragilerekin bildu dira.
Ioritz Imaz Idiazabalgo alkatea eta Markel Olano EAJren Gipuzkoako Aldundirako hautagaia
Herriz herri Gipuzkoako errealitatea ezagutzen ari da Markel Olano EaJren Gipuzkoako Aldundirako hautagaia. Idiazabalen izan da gaur, eta Ioritz Imaz alkatearen eskutik herriko eragile ezberdinekin bildu da. “Batez ere alor ekonomikoa ezagutzera etorri gara, gure lehentasuna Gipuzkoako ekonomia sendotzea baita”, adierazi du Olanok.
Lehen sektoreak herrian duen garrantzia dela eta, Idiazabalgo bi gazta esplotazio bertatik bertara ezagutu dituzte goizean. Horrez gain, udalak baserritarrei eskaintzen dizkien azpiegiturak ere ezagutu dituzte. “Idiazabalgo baserritarrek ahalmena izan dute elkartu eta denen artean lan egiteko; hori herri gutxitan gertatzen da, eta erakundeek ere elkarlan hori bultzatu behar dugu”.
Eguerdian herriko enpresetako ordezkariekin bildu da Olano udaletxean, tartean Jon Agirre Anpo kooperatibako presidentearekin.