Bertsopaperak idazteko aukera izan zuten Goierri beheko ikasleei; bat-batean ere aritu ziren bertsolari gazteak
Ostiral arratsaldean, Ataunen hasi zen Gipuzkoako eskolarteko bertsolari txapelketaren edizio berria. Ataungo, Lazkaoko, Ordiziako eta Beasaingo ikastetxeetako hainbat ikaslek hartu zuen parte bertso idatzietan. Ondoren, berriz, bat-bateko saio didaktikoa egin zuten, Gema Urteaga beasaindar bertsolariaren eskutik. Lehenik eta behin, Goierriko bertso eskolako Ordiziako taldeko Oier Ibartzabal, Mikel Etxezarreta, Ane Etxezarreta, Maddi Aiestarn eta Laida Zabaleta taularatu ziren. Hiru lan egin zituzten: bertsoaren bukaera emanda, lau oinak jarrita eta gaia jarrita aritu ziren bertsotan. Jarraian, Paul Iruretagoiena, Gartxot Ramirez eta Iraitz Sarasolak kantatu zuten Aitor Sarriegirekin batera.
Ostiralean, Zumarragan izango du segida eskolarteko txapelketak. Bertso jarriak egin eta saio didaktikoaz gozatzeko aukera edukitzeaz gain, gazteen mailako lehenengo kanporaketa ere jokatuko dute Amalur elkartean, bertso afari formatuan. Gontzal Belategi, Urko Arregi, Maddi Etxeberria, Libe Goenaga, Oier Etxeberria eta Ane Beloki ariko dira kantuan, Inaxio Usarralderen esanetara. Bertso afarira joateko txartelak salgai daude dagoeneko, bertsosarrerak.eus webgunean.