«Ilunetik argira» doan nobela idatzi du Mikel Ayllonek Igartza bekarekin
‘Ez tiro egin anbulantziei’ da eleberriaren izenburua
Beasaingo Udalaren webguneetan eskura daiteke bekaren inguruko informazio gehiago.
Hiru atal eta erdi ditu Mikel Aylllon (Laudio, Araba, 1980) idazleak idatzitako Ez tiro egin anbulantziei nobelak. «Ilunetik argira» doan kontakizuna da, atzekoz aurrera kontatuta dagoena: «Lehengo ondorioak kontatzen dira, eta bukaeran ondorio horietara iristeko arrazoiak». Hala azaldu du Ayllonek berak liburuaren aurkezpenean.
Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar argitaletxeak elkarrekin argitaratzen duten beka da Igartza, eta Ayllonek 16.bekarekin idatzitako lana da atzo aurkeztu zutena. Gerad eta Sylvie dira «eleberri ausart bezain aberats» honen protagonistak. Eta egileak berak azaldu duenez, «ez da nobela arrunt bat; ez leku, ez denbora batean gertatzen da eta oso ekintza gutxi dago. Pertsonak ia gordin ezagutuko ditugu hasieran, eta horrek irakurleei pertsonaiekin enpatizatzeko traba eragin badiezaieke ere, nahita dago eginda, irakurlearen atentzio osoa bereganatzeko baitago eginda».
Bi pertsonaiak «marko argi-ilun batean» ezagutuko ditu irakurleak. «Sylvie mundu berri baten beharraz ohartarazi dute, eta hori lortzeko zer egin behar den jakitun da. Hautu bat egingo du, baina hautu okerra izango da eta liburuak irudikatzen duen gainbehera sortuko du». Gerard, berriz, «munstrotzen hasitako gizaki bat da. Gainbeheraren jakitun da, baina ez daki zer egin aldatzeko. Gainera, uste du ezin dela ezer egin egoera hori aldatzeko».
Nobelaren lehen zatian Gerarden kontakizuna egiten du Ayllonek, Sylvirena bigarrenean, eta hirugarrenean eta «azken atal erdian» egoera bakoitzaren zergatiak azaltzen ditu.
Hurrengo bekarako deia
Eleberri ezberdina dela esan dute aurkezpenean izan diren Xabier Mendigurenek eta «aitapunteko» lanak egin dituen Jon Benitok. Elkarrek ere hala laburbildu du Ayllonen lana: «Atzekoz aurrera ordenaturik dago kontakizuna: kartzela eta heriotzatik abiatuta, pertsonaien arteko maitasun istoriora eta borroka asmoetara».
Koldo Agirre Beasaingo alkateak eta Joxe Begiristain CAFeko ordezkariak gogoan izan dute ia martxan dagoela 18.bekara lanak aurkezteko epea. Ekainaren 30era arteko epea dago horretarako, eta lanak kultura@beasain.eus helbidera bidali behar dira. Elkar argitaletxearen eta