
Ampo Ordiziak 36 eta 12 irabazi zuen atzo Altamiran, Getxo Artearen kontrako derbian. Garrantzi handiko 5 puntu lortu dituzte Santos Regilen mutilek.
Ohorezko mailako sailkapenean 7. postuan jarraitzen dute, baina atzeko postuetan dauden taldeekiko tartea handitzea lortu dute.
Partida osoan zehar aurretik joan zen etxeko taldea. 5-0, 10-0 eta 17-0eko markagailuarekin joan ziren atsedenera. Handik bueltan ere, jaun eta jabe izan ziren ordiziarrak: 24-0, 29-0 eta 36-0ko aldearekin; partidaren ondarrean, bizkaitarrek aldea jatea lortu zuten, markagailuan 36-12ko azken emaitza utziz.
Korrikaren alde
Bi euskal talderen arteko derbia izaki, Getxo Arteako eta Ampo Ordiziako jokalariek Korrika19ren aldeko kartela atera zuten partidaren hasieran.