Arrazakeriaren aurkako egunean, aurpegia ematen
Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko eguna da gaurkoa, martxoak 21a. Nazio Batuen Biltzar Orokorrak deklaratu zuen eguna Hegoafrikako Sharpeville hirian 1960an gertatutako tragedia arrazista gogoratuz. Egun hartan 20.000 pertsona elkartu ziren apartheidaren aurka. Poliziak indarrez egin zuen haien aurka eta 69 pertsona hil eta 186 zauritu ziren.
Hala, arrazakeriaren aurkako mundu mailako egunaren baitan, Gipuzkoako Aldundiak sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuen abian duela egun batzuk. Bertan hainbat kirolari ezagunek hartu du parte; Naroa Agirrek, Imanol Agirretxek nahiz Eli Pinedok, besteak beste.
“Gipuzkoan bizi diren pertsona guztiak direlako gipuzkoarrak -edonon jaioak direla ere-, eta haien eskubide guztiak bermatu behar direlako” Arrazakeriaren aurka eman aurpegia kanpainaren baitan argazkiak biltzen ari dira sarean. Sare sozialetan euren aldarrikapena egin dute Ordiziako Udaleko Ongizate eta Berdintasun sailetako langileek, baita Judith Garcia Olaberriko batzarkideak ere.
