Presoen sakabanaketarekin bukatu nahi dutela aldarrikatu dute Beasainen, Urretxun eta Zumarragan
Sarek antolatu dituen ekitaldietan Dispertsioaren liburuko pasarteak irakurri dituzte.
Beasainen, Urretxun eta Zumarragan presoen sakabanaketarekin bukatu nahi dutela aldarrikatu dute gaur. Euriaren mehatxupean egin dira ekitaldiak, baina azkenean, euriak gehiegi busti gabe, lortu da ekitaldiak egitea.
Dispertsioaren liburutik pasarte desberdinak irakurri dituzte herritar desberdinek. Castillo Suarez idazleak idatzitakoa da adibide bat: “Sakabanaketa ez da presoak beren jaioterritik urruntzea bakarrik. Sakabanaketak presoen eskubideak urratzen ditu: intimitaterako eskubidea, familiarteko bizitza edukitzekoa, defentsa-eskubidea, informatuta egoteko eskubidea, informatuta egoteko eskubidea… Horretaz gain, edo horren gainetik, sakabanaketak zama ekonomikoa eta nekea dakarzkie presoen senide eta lagunei. Baina Euskal Herriak horrelako zigor luze eta anker bati urtetan aurre egin ahal izan badio, milaka herritar saretuta daudelako da. Trinkotu eta zabal dezagun sare hori. Hori baita bidea inolako lege-euskarririk ez duen politika bat eteteko. Erantzun diezaiogun gorrotoari eta zigorrari maitasunez eta elkartasunez”.
Beasainen kasuan, Ekaitz Goikoetxea eta Aitor Sarriegi bertsolariek ere bat egin dute aldarrikapenarekin. Azkenik, presoen sakabanaketaren borondatea saretu dute, mezuak zituzten kartulina koloretsuekin, Sareren S irudikatu dute.