Ormaiztegin historia antzerki bihurtu dute, 400. urteurrenean
Ormaiztegik udalerri izaera dueneko 400. urteurrena ardatz hartuta, 1053tik gaur arteko kontakizuna egingo dute ormaiztegiarrek, herri antzerkian. Seguragandik aldendu eta herri beregain bihurtzea asko ordaindu zuten, ordea. Bai dirutan, bai ahaleginetan.
Laurehungarren urteurrena herri antzerki batekin ospatuko dute Ormaiztegin, bihar (22:00etan, Zubipe kiroldegian). 50 herritarrek baino gehiagok antzeztuko dute zortzi eszenako istorioa, kuadrillaka eta taldeka antolatuta. 1615ekoa izango da agerraldi nagusia, urte hartako apirilaren 25ean hartu baitzuten kargua udal agintariek, estreinako aldiz. Antzerkiaren eguna biharkoa efemerideagatik aukeratu dute.
idatzi du Elixabete Garmendia kazetari ormaiztegiarrak Berria egunkarian (‘1615’ iritzi artikulua, 2015-2-11n).
Bi urterako, elkartuta atzera
Hala, hiribildu titulua besapean, Ormaiztegik 1615 bukaeran hartu zuen zegokion eserlekua Batzar Nagusietan. Baina 1617an San Estebango Batasuna eratu zuen Astigarreta, Gudugarreta, Zerain eta Mutiloarekin, batzarretako ordezkariaren gastuak gutxitzeko eta herri txiki gehiagorekin batuta eragin-indarra irabazteko. 1637an Zegama gehitu zitzaien taldean, eta 1679an Areriako alkatetza nagusira aldatu zen Ormaiztegi —garai hartan antzeko helburuak zituen elkargoak—.
Galera ekonomiko eta soziala saihesteko Seguraren ingurumarira joan bazen, larrutik ordaindu zuen bi mende geroago ere askatasuna. Dirurik ez artean, eta «ola bat eraikitzeko, eskribauari ordaintzeko, 1625ean Behobia defendatzera joan behar zuten soldaduentzat bolbora, soka eta abar erosteko» eskatu behar izan zuten, Garmendiaren arabera.
Hiribildu tituluak berekin ekarri zizkion, hala ere, alkatea izendatzeko eskubidea, eta jurisdikzio zibila eta kriminala. Hala, 1700ean, goseteari aurre egiteko, udalak sei idi jartzeko modua eta ahalmena izan zuen, herritarrek jango bazuten. Gariaren prezioa hirukoiztu egin zen urte hartan, espekulazioagatik: anegako 30 errealetik 100era, bi hilabetean, Garmendiak jaso duenez.
Kontu historiko horiek eta gehiago antzeztuko dituzte ormaiztegiarrek, bihar. Gidoiaren idazketa ere haiek burutu dute: «Jasotako pasarte historiko guztietatik, grazia gehiena edo txinparta pixka bat zeukatenak hartu ditugu. Horrela osatu gidoia, pixkanaka», dio Iraeta zinegotziak.
Musikak indar berezia hartuko du. «Abestiak landu ditugu. Herriko gazte batek, Lide Telleriak, lehen aldiz parte hartuko du horrelako obra batean, bakarlari bezala. Eszena nagusiaren sarrera emango du. Gero, herriko abesbatzak hiru ekarpen egingo ditu. Atal bat bertsotan ere izango da».
Iraganeko laztasunak ospakizun giroan gogoratuko dituzte orain 2015eko ormaiztegiarrek. Historiak bere kostua izan ostean.
Ormaiztegi datutan
Ormaiztegik 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen hiribildu titulua. Herriaren lehenengo aipamena 1053koa da, kontratazio batekoa. 1384ko martxoaren 22an Segurari lotu zitzaion, lapurren eta ahaide nagusien erasoetatik defendatzeko. 231 urte egon zen Segurako foruaren eta alkatearen menpe. Mugarriak, herri mendiak eta ondasunak mantendu zituen bien bitartean, ordea.
Gainontzeko herriek bezala, Ormaiztegiko auzotarrek ere Felipe III.aren Koroari ordaindu behar izan zioten, tituluaren truke.Denera 3.075 dukat kosta zitzaien, 123 eskubidedun auzotarreko 25na dukat. Alderaketarako, On Kixote eleberri garaikidean azaltzen denez, mediku batek urtean 300 dukat irabazten zituen; idi on batek 15 balio zuen, eta txekor batek 5 dukat.
Garesti ordaindu eta atera zitzaien, hala eta guztiz. «Ormaiztegi zorrak itota geratu zen, mailegua maileguaren atzetik eskatu beharrean. Burua altxa ezinik ibili ziren gure arbasoak urtetan, eta okerrena mendearen bukaeran etorriko zen: gosete izugarria»,
- Azalera. 6,9 kilometro koadro. Goierrin dago, 200 metro garaieran.
- Biztanleria. Ormaiztegin 1.305 lagun bizi dira, azken udal datuen arabera (2014). Inoizko kopuru handienetik gertu dago: 2011n izan zen sabaia, 1.320 biztanlerekin.
- Langabezia. Langabezia tasa %9,7koa zen urtarrilean. Goierriren (%13,31) eta Gipuzkoaren (%15,33) behetik.
- Udal hauteskundeen emaitza. 2011ko udal hauteskundeak Bilduk irabazi zituen (279 boto). Ormaiztegiko Herri Taldeak (OHT) 218, Ormaiztegiko Bizilagunak Elkarlaneanek (Orbel) 210, PSEk 13 eta PPk 12 boto jaso zituzten. Udalbatzan hiruna zinegotzi dituzte Bilduk, OHTk eta Orbelek. Alkatea Rosa Mari Urkia da (Bildu).