Ane Garain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar dira obrako aktoreak
Urte hasieratik hona Beasaingo eta Ordiziako antzokietara zazpi obra ekarri dituen Antzerki Garaia zikloa bukatzear da. Ostiral honetan eskainiko dute taula gaineko azken ikuskizuna. Berez otsailean egitekoa zen, baina atzeratu egin behar izan zuten
Maitasunaren ostean, maitasuna lanak itxiko du zikloa, ostiral honetan, Beasainen. Opera eta ballet saioen ikus-entzunezko emanaldiek, ordea, ekainera bitartean jarraituko dute.
Ados Teatroa taldeak ekoitzitako antzezlana da
Maitasunaren ostean, maitasuna. Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako lana da, Dora Salazar artista plastikoarekin elkarlanean. Arte eszenikoak eta plastikoak nahastuz, «antzerkia beste dimentsio batera» eraman nahi izan dute, bi unibertsok bat egiten baitute bertan.
Eszenografia berezia planteatzen dute, oholtza bera, mihise bihurtuz eta «tamaina ezberdineko kuadroak» sortuz. Honekin guztiarekin, «Alzheimerrak sortutako errealitatearen distorsioak eta memoriaren joan etorriak» irudikatu nahi dituzte. Horretarako, emakumezko hiru aktore ariko dira eskenatokian: Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar. Obrak zein hiru aktoreen lanak, oso kritika onak jaso ditu.
Opera eta balleta
Antzerki obrek teloia jaitsiko badute ere, ballet eta opera saio bana egingo dituzte oraindik ere. Londreseko (Ingalaterra) Royal Opera House antzokitik eskaintzen dituzten zuzeneko emanaldiak dira. Egitarau horren barruan,
La fille mal gardeé balleta eskainiko dute gaur, 20:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Obra hori, errepertorio klasikoko ballet zaharrenetakoa da; Jean Dauberval koreografoak sortu zuen 1857an, Frantziako Iraultzaren garaian. Hala ere, 1960an Sir Frederick Ashtonek egindako bertsioa da ezagunena, eta Londreseko Royal Balletek interpretatzen duena. Bikote gazte baten maitasun historioa kontatzen du.
Ekainaren 10ean, berriz, La Boheme opera ezagunaren txanda izango da. Bigarren saio hori ere, Ordiziako herri antzokian izango da.