Hogeigarrena du aurten Ordiziako Erdi Aroko Azokak. Kanpoko zein bertako artisauek bat egingo dute bertan. Kaleko aktoreek, musikariek, dantzariek nahiz juglareek azoka jantziko dute. Antolatzaileen hitzetan, «aurten berriro entzun nahi dugu musika, a...
Hogeigarrena du aurten Ordiziako Erdi Aroko Azokak. Kanpoko zein bertako artisauek bat egingo dute bertan. Kaleko aktoreek, musikariek, dantzariek nahiz juglareek azoka jantziko dute. Antolatzaileen hitzetan, «aurten berriro entzun nahi dugu musika, azokako usainak hartu, ekoizlearen zein herritarraren arteko harreman zuzena partekatu eta kolorezko mundu batera bidaiatu nahi dugu asteburu ederraz gozatuz».
Bihar, 11:00etan, Barrena kultur etxetik abiatuko da parte hartzaileen desfilea: juglareen kalejira, errege segizioa, Urrup antzerki taldeko kideak, Musika Eskolako banda eta Urdaneta zein Jakintza dantza taldeetako dantzariak. Desfileak Ordiziako herrigunea betetzeaz batera irekiko dituzte saltokiak.
Nafarroako artisauak
Arratsaldean 17:00etan egingo dute desfilea eta saltokien irekiera. Etziko irekiera orduak berberak dira.
Azokan Goierri bertako artisauez gain, Nafarroako Artisau Elikagai batzuetako saltokiak egongo dira, garai bateko lanbideen postuekin batera. Falkoneria erakustaldiak, lore nahiz zeramika eta egurrezko jolas tradizionalen tailerrak, arku tiraketa saioak, eta abar egongo dira aukeran. Ordiziako talde eta eragile askoren elkarlanaren emaitza da Erdi Aroko Azoka.