Goierrin egiten diren bi argazkilaritza sari nagusiak astebeteren buruan banatuko dituzte. Ordizian saritutako lanak ikusgai daude; Legazpikoak, ostiraletik aurrera
Euskal Herriko eta estatu mailako beste herrialde batzuetako argazkilaririk onenak biltzen dituzten bi lehiaketa daude Goierrin: Ordiziakoa eta Legazpikoa. Biak dira estatu mailan egiten diren sariketak, eta bide batez, baita Argizaiola lehiaketa ezagunerako sarbidea ere. Joan den ostiralean banatu zituzten Ordiziako Nikolas Lekuona lehiaketako sariak, eta ostiral honetan, beste horrenbeste egingo dute Legazpi Hiria lehiaketakoekin. Argazkilaritzaren magiaz gozatzeko aukera ematen dute biek, sari banaketan ez ezik, ondoren antolatzen dituzten erakusketetan ere ikusgai izango baitira.
Miquel Planellsen ‘Recuerdos’ lana
Nikolas Lekuona IV. Argazki Lehiaketako sariak joan den ostiralean banatu zituzten. Aurten 54 argazkilarik parte hartu dute guztira, eta sari nagusia, Katalunia aldera joan da: Miquel Planells argazkilariak irabazi du, Recuerdos lanarekin. Bertan, argiztapena, prespektiba eta enkuadrea lantzen ditu egileak, esanahi eta interpretazio ugari izan ditzakeen irudia sortuz. Bigarren saria Juan Antonio Palacios eibartarrak jaso du, eta hirugarrena, Alacanteko (Herrialde Katalanak) Isabel Ripollentzat izan da.
Lehiaketaren beste sarietako bat, antolatzaileek proposatutako gaiaren ingurukoa izaten da. Hala, Industria Euskal Herrian gai hartuta, Javier Alonso zumarragarraren hiru argazkik osatutako saila izan da atal horretako lehen saria jaso duena. Aipatzekoa da atal bereko bigarren saritua ere goierritarra dela; Carlos Mediavilla urretxuarra, hain zuzen ere. Herriko argazkilari onenaren saria, berriz, Miguel Caverok jaso du, Ordiziako boxeo jaialdian ateratako El golpe argazkiari esker.
Antolatzaileak «pozik»
Lehiaketa antolatzen duen Ostadar taldeko kideak «gustura» daude aurtengo edizioak eman duenarekin. Denera 54 argazkilariren 221 lan jaso dituzte. Hori dela eta, «balantze baikorra» egiten dutela azaldu dute; «oso pozik gaude, honek gure lehiaketa honen kalitatea eta erakargarritasuna» baieztatzen dituelako. Aurtengoa, «lehiaketa fintzeko urtea» izan dela azaldu dute, eta «aurrera begira erronka berriak» bilatzeko asmoa dutela.
Ostadar taldearen izenean, «esker ona» agertu diete lehiaketan parte hartu duten argazkilari guztiei, eta bide batez, datorren urtean egingo den 5. edizioan parte hartzeko gonbitea luzatu dute. Aurtengo lehiaketan saritutako lanak ikusi nahi dituenak, ekainaren 23ra arte izango du horretarako aukera, Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara.
Legazpi Hiria sariketa
Ordiziakoarekin batera, Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteak antolatzen duena da Goierri mailan egiten den argazki lehiaketa nagusia.Aurten XVI. edizioa izan du Legazpi Hiria sariketak, eta parte hartze handia izan dute. Guztira, 139 argazkilariren 546 obra aurkeztu dira lehiarako. Horietatik, epaimahaiak 63 argazki finalista aukeratu ditu.
Legazpi Hiria argazki lehiaketako sariak ostiralean banatuko dituzten arren, dagoeneko zabaldu dituzte irabazleen izenak. Sari nagusia Enrique Lopez-Tapia argazkilari madrildarrak irabazi du, Profundidad lanarekin. Herriko saria berriz, Errikarte Agirrerentzat izango da. Ekitaldia 19:00etan izango da, Legazpiko Kultur Etxeko areto nagusian.
Sari banaketarekin batera, hautatutako lanen erakusketa ere zabalduko dute. Hilaren 30era bitartean izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era bitartean. Saritutako lanak,
elkartearen webgunean ere ikus daitezke.