Quebrantahuesos zikloturista martxa egin ondoren, Guillermo Prietok erronka mardula hartu du: Sabiñanigotik Valladolidera segiko du bizikletan, Etiopiaren alde. Denera 700 kilometro dira.
Guillermo Prieto txirrindularitza egokituko Espainiako Txapelketan
Txirrinduzale askorentzat urteko azterketa gogorrena izan ohi da Quebrantahuesos zikloturismo martxa entzutetsua, Sabiñanigon (Huesca, Espainia). Norbere sasoia neurtzeko probaleku aparta dira Pirinioak, Frantziako Tourrekoa ederki asko izan zitekeen etapa batekin: 199 kilometro, eta Somport, Marieblanc, Portalet eta Hoz de Jacako mendateak etsaminatzaile.
Bere buruari ez ezik, besteenari ere begiratuko dio aurten Guillermo Prieto ziklista olaberritarrak. Quebrantahuesos proba osatu ondoren, Sabiñanigotik bizileku duen Valladolideraino jarraituko du, bizikleta gainean. 500 kilometro gehiago, Etiopiako proiektu bati laguntzeko. Larunbatean da zikloturista martxa, eta igandera arte segiko du. Gema emaztea joango zaio alboan, kotxearekin. Hori izango du laguntza tekniko bakarra.
Etiopiar ziklistak helburu
Txirrindularitzak asko lagundu dio Prietori. Lan istripu batean ezker oina galdu zuen, eta gaztetan egiten zuen kirolari —afizionatuetan ibili zen, Lazkaon— heldu zion berriro, terapiatzat. Orain, berak izan nahi du laguntzaile. Etiopiako bost txirrindulari eta haien kirol zuzendariarentzat bultzada izango da 700 kilometroko Quebrantahuesos solidarioa, «erokeria» dirudiena.
Espainian, txirrindulari bezala etiopiarrei formazioa eta amateur edo profesional lasterketetan aukera ematea da proiektuaren xedea, eta horretarako dirua bildu nahi dute. «Animo mordoa jaso dut, joan naizen toki guztietan. Erronka honengatik mirespena eta errespetua sumatu dut. Arazorik gabe lortuko dudala esaten didate», dio Prietok.
Langintza ez da nolanahikoa. Quebrantahuesos ofiziala bukatutakoan freskatu, zerbait jan eta berriz bizikleta hartuko du, 500 kilometro gehiago egiteko. «Asmoa orduko 25 kilometroan joatea da, gutxi-asko. Hankak minik ematen ez badit, eta haizeak uzten badit, 22 edo 24 orduan bukatuko dudala kalkulatu dut. Sabiñanigotik larunbatean 13:30ean irtetea aurreikusi dut, eta Valladolidera igandean 14:00ak aldera heltzea».
Etiopiako bost txirrindulariak eta haien zuzendaria ez ditu aurrez aurre ezagutzen, oraindik. «Baina berdin dio. Haiengatik kontatzen didatena nahikoa da», gehitu du, ilusio berberarekin liluratuta.
Munduko Kopan ari da
Datorren larunbatekoa zain du. Baina, bien bitartean, badu zerekin entretenitua. Txirrindularitza egokituko Munduko Kopan lehiatzen ari da Prieto olaberritarra. Yverdon-Les Bainsen (Suitza) dago. Igandean erlojupekoa izan zuen, eta atzo errepidekoa.
PRIETOREN ERRONKAK
Quebrantahuesos
- Eguna. Larunbata.
- Tokia. Sabiñanigo (Aragoi).
- Ordutegia. Lehenak 07:30ean irtengo dira, eta 13:10ean iritsi.
- Ibilbidea. Sabiñanigo, Jaca, Canfranc, Somport, Urdos, Escot, Marieblanc, Bielle, Laruns, Portalet, Hoz de J., Sabiñanigo.
- Distantzia. 199 kilometro.
Txango solidarioa
- Eguna. Larunbata eta igandea.
- Ibilbidea. Sabiñanigo, Zangoza, Lizarra, Logroño, Belorado, Burgos, Dueñas, Valladolid.
- Ordutegia. Larunbatean 13:30a aldera irten, igandean 14:00a aldera ailegatu.
- Distantzia. 500 kilometro.
- Abiadura. 25 km/h bataz beste.