Nepali laguntzeko elkartasun jaialdia egingo dute Beasainen asteburuan
Beasaingo hainbat elkartek eta Goierri mailako gobernuz kanpoko bi erakundek Nepalekiko eta nepaldarrekiko elkartasun jaialdia antolatu dute. Beasainen izango da, Loinazko San Martin plazaren azpian, asteburuan. Ostiraletik igandera, Euskal Herriko nahiz Nepalgo gastronomia, folklorea, ohiturak, herritarren testigantzak eta, batez ere, elkartasuna partekatuko dute.
Nepalen udaberrian izan ziren lurrikarek kalte handiak eragin dituzte, eta premia gorria dute bizilagunek. Asko etxerik gabe geratu dira, eta haientzat behin-behineko txabola moduko etxetxoak eraikitzeko erronka dute orain. Goierrin bizi diren nepaldar jatorriko bizilagunek, Hegoaldeko Herriak erakundearen bidez, dirua bildu nahi du 100 bat etxetxo eraikitzeko. Helburua 1.000 txabola egitea da. Nepalgo bertako materialez eta eskulanez egingo dituzte; baina dirua behar dute gaia erosteko eta garraiatzeko (helikopteroz soilik irits daiteke herrixka apartatuetara eta landa eremuko gune askotara).
Beasaingo Udalak, Bategite elkarteak, Goierriko Nepaldarren Elkarteak (Hegoaldeko Herriak), Herriak Elkarlanean erakundeak, Plazape tabernak, Aizkorri mendizale elkarteak, Beasaingo Batzokia kultur elkarteak, Txomin Parrillak (Basque) eta Fronton jatetxeak parte hartu dute Beasaingo jaialdia antolatzen edo babesten.
Uztailean Nepalera joango da Goierritik talde bat, Ordizian bizi den Tilk Gurung eta beste hainbat nepaldar jatorriko lagun gidari dituztela. Goierritarrei herrialdea erakutsi, eta lehentasunezko laguntza zertan behar duten erakutsiko diete, aurrerantzean elkartasun proiektu gehiago abiarazteko.
Egitaraua, ostiraletik igandera, plazapean garatuko da, osoki. Bazkariak eta afariak zerbitzatuko dituzte Fronton jatetxeak eta Txomin parrillak. Euskal Herriko nahiz Nepalgo produktuen salmenta izango da, baita pintxoak eta edariak ere. Dantzariek, musikariek eta bi herrialdeetako kulturaren erakusgarriek osatuko dute jaialdia.
Egitaraua
Ostirala (ekainak 19)
- 19:00. Bertso saioa, hasiera emateko.
- Ondoren. Diapositiba emanaldia eta mahai-ingurua: Joxe Ramon Agirre ‘Marron’, Gema Arrugaeta, nepaldarrak eta Aizkorri mendizale elkartea.
- 00:30. Bukaera.
- 13:00. Trikitilariak, hasiera emateko.
- Ondoren. Bazkariak.
- 19:00. Jakoba Errekondoren hitzaldia: ‘Goi mendietako baratzeak eta Euskal Herriko baratzeen soiltasuna’. Azkena atera duen liburua salgai edukiko du (‘Bizi baratzea, garaian garaikoa garaiz’).
- Gauean. Afariak.
- 00:30. Bukaera.
- 13:00. Irekiera: taberna, pintxo, edari eta bazkariak.
- 17:00. Bukaera.