Goierri garaiko 25 urtetik gorako autoak dituztenek parte hartu dezakete eta hamar tokitan argazkiak atera beharko dituzte autoarekin.

Zumarragako 13. Motorraren Astea berritu dute larunbatean egingo duten Argazki Rallyarekin. Parte hartzaileek 25 urtetik gorako autoak erabili beharko dituzte eta, Zelai Ariztitik 09:30ean irtenda, irteera aurretik emango dizkieten hamar guneetan argazki bana egin beharko dute nork bere autoarekin. Gune guztiak Zumarragatik 25 kilometroko distantzia barruan daude. Abiatu aurretik kilometro markagailua ikuskatuko diete eta helmugan ere bai. Hamar argazkiak atera, eta kilometro gutxien egiten dituenak irabaziko du rallya.
Argazkien kalitateari ez diote erreparatuko eta hamar toki horiek zeintzuk diren ez dute azken unera arte jakitera emango. «Hala, parte hartzaileek ibilbide hoberena zein den aukeratu beharko dute irten aurretik», esan du Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Ideia Azpeitian egindako gisa bereko rallytik hartu dutela gehitu du: «Motorraren Asteari berritasun bat eransteko modu ona zela iruditu zitzaigun». Dagoeneko zortzi parte hartzailek izena eman dute; izena emateko ondoko helbidera idatzi daiteke:
rallyfotozumarraga@gmail.com. Irabazleak txapela eta produktu sorta bat jasoko du.
Larunbateko rallyaren ondoren, igandean auto klasikoen topaleku bihurtuko da Zumarragako Euskadi plaza. Aurreko mende hasierako autoak iritsiko dira, «benetako altxorrak eta pieza bakanak». Guztira, 83 bat auto eta ibilgailu egongo dira ikusgai eta haien inguruan 170 zaletu inguru elkartuko da Zumarragan. Plazako hitzorduaz gain, kaleetan barrena ikusi ahalko dira autoak eta Antion geldialdia egingo dute.
Astearen zergatia
Motorraren Asteak hamahirugarrena du aurtengoa. Lehenengo ekintza maiatza amaierako Seat 600 autoen kontzentrazioa izan zen. 1958-1970 urte bitarteetan egindako autoak bildu ziren, «auto haien txapa Zumarragako Orbegozo lantegian fabrikatu zuten». Hori da, hain zuzen, lehen Motorraren Astea antolatzea bultzatu zituena. Serranoren arabera, «gure bailaran enpresa bat baino gehiago dago autoen osagaiak egiten dituena. Lotura horri azpimarra egin nahi genion lehenengo Motorraren Astea antolatu genuenean».