Igartubeitiko Baserri Egunean erleen mundua eman dute ezagutzera
Aurten, Igartubeitiko Baserri Eguna erlezaintzari buruz izan da. Erakusketa ireki dute eta ezti dastaketa, kandela tailerra eta hitzaldia egin dituzte. Helburua, erleen garrantzi eta beraiek ekoizten dituzten produktuen garrantzia ezagutzera ematea izan da.
Baserri Egunaren zazpigarren edizioa igandean egin zuten. Urretxuko Aikur museokoak eta Gipuzkoako Erlezain Elkartekoak izan ziren erleak ekosistemarako beharrezkoa direla eta hainbat gaixotasun sendatzeko ahalmena dutela ezagutzera eman zutenak.
Hasteko, erlezaintzari buruzko erakusketa ireki zuten. Azalpenak Aikurreko Josune Epeldek eman zituen. Bertan, Aikurreko lanabesak, Aldundiaren Gordailua zentroko argizaiolak eta Igartubeitiko erlauntza zahar bat jarri dituzte. Erakusketa uztaila bukaera arte egongo da zabalik Igartubeitiko interpretazio zentroan: asteazkenetik igandera, 10:00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19:00etara.
Igandean, erakusketa ireki ondoren, ezti ezberdinak eta polena dastatzeko aukera egon zen. Haurrentzako kandela tailerra eta hitzaldia ere egon ziren. Argizariarekin kandelak egin zituzten, etxera eramateko. Hitzaldiari dagokionez, Gipuzkoako Erlezain Elkarteko Egoitz Galartzak liztor beltzari (Asiako liztorra) buruz hitz egin zuen. Bukatzeko, Igartubeitin elkartutako guztiek mokadutxoa jan zuten.