Atzo hasi zen merkealdia eskualdeko dendatan; gutxienez astebeteko iraupena eta gehienez bi hilabetekoa izan behar du

Goierriko denda gehienek udako merkealdia hasi dute dagoeneko. Merkatariek hiru hilabete dituzte merkealdia egiteko, atzotik hasita. Gutxienez astebeteko iraupena izan behar du eta gehienez bi hilabetekoa. Gehienek atzo hasi zuten eta abuztuaren 31n bukatuko dute. 2015a ez doa merkatariek nahi bezain ondo eta udako merkealdiak urteko emaitzak hobetzen laguntzea espero dute.
Goierri garaiko merkataritza bulegoko teknikariak, Aitor Mendiak, goierritarrak merkealdi gose direla uste du. Merkatariei bero egitea komeni zaie eta atzo jende dezente ikus zitekeen Urretxu eta Zumarragako dendatan. «Urtea ez doa oso ondo. Krisiaren okerrena pasa dela diote, baina dendatan ez da nabaritzen. Ea merkealdian txarrena pasa dela eta ona badatorrela ikusten dugun», aipatu du teknikariak.
Kux-Kux haurrentzako arropa-dendakoek ere hori espero dute. Bi denda dituzte, bata Beasainen eta bestea Zumarragan. Bietan %30eko beherapena egin dute. Abuztuan, seguru aski, %50eko beherapena egingo dute.
Udako merkealdian udako arropa merkatzen dute eta negukoan negukoa. Neguko merkealdia hobea dela dio Zumarragako Kux-Kux dendako Mari Jose Cobosek. «Hemen, neguak udak baino luzeago jotzen du. Gainera, udako egun askotan ez du udako eguraldia egiten, arropa berehala lehortzen da… Hori guztia dela eta, neguan udan baino askoz ere arropa gehiago behar dugu. Inoiz, udako arropa erakusleihoan jartzen ari nintzela, elurra hasi da».
Dena den, Cobosek aurtengo udako merkealdia ondo joatea espero du, nahiz eta berak ere egoera ekonomikoa oraindik kaxkarra dela uste duen. «Gauzak asko aldatu dira. Jendeak ez du lehen bezain erraz erosten. Batzuek besteei arropa ematen diete, adibidez».
Erosketa ohiturak
Bestalde, azkenaldian Goierri behekoek goikoek baino errazago erosten dutela uste du. «Krisia heldu aurretik, alderantziz zen», amaitu du Zumarragako merkatariak.