Irakatsiz ikasteko saioak
Roberto Aguado psikologoa Murumendi ikastetxean izan da hiru egunez ekainean, hark sortutako Lotura Emozional Kontzientea eredua irakasleekin partekatzen. Ikasleen motibazioa indartzeko teknikak ...
Roberto Aguado psikologoa Murumendi ikastetxean izan da hiru egunez ekainean, hark sortutako Lotura Emozional Kontzientea eredua irakasleekin partekatzen. Ikasleen motibazioa indartzeko teknikak landu dituzte.
«Lotura Emozional Kontzientea Murumendi eskolak darabilen Amara-Berri sistemarekin nola uztartu, nola txertatu ari gara lantzen. Irakatsiz ikasten ari gara, eta hori da hezkuntzan egin daitekeen gauzarik ederrenetako bat». Roberto Aguado psikologo espainiarrak hitz horiekin laburbiltzen du Beasaingo ikastetxean ekainean egindako lanaren mamia.
Adimen emozionalaren eta hezkuntzaren esparruan aplika daitekeen «eredu gaurkotu, berritu eta zientifikoa» da Lotura Emozional Kontzientea. Ikasleengan motibazioa nola indartu eta areagotu aztertu dute, norbanako bakoitzak duen ahalmen emozionala ezagutuz.
Behaketa eta formazioa
Ekaineko bi egunetan behaketa saioak egin zituen Aguadok Murumendin, gelaz gela lana nola egiten duten ezagutzeko, eta azken formazio saioan esperientziak trukatzen aritu ziren. «Ondorioetako bat da bai ikasleek zein irakasleek emozio egoki bat izatea, norberak bere egitekoa ondo bete dezan. Horretarako, gure emozioekin era kontziente batean mantendu behar ditugu harremanak».
Irailean ikasturtea hasi, eta eskola orduak bukatzen dituztenean, ikasleek kalean «gizalegezko portaerak» eduki behar lituzketela dio, gauzak «modu erraz eta zuzenean» egiten irakatsiko dietelako.