iru hamarkadatan izandako «herri eredua» defendatu dute alkateei omena egiteko ekitaldian. Udaletik kanpo bada ere «herriaren alde lanean» jarraituko dute
Omenaldian ateratako taldeko argazkia
Ehun bat lagun elkartu ziren igandean Zerainen, trantsizioaz geroztik egon diren bost alkateak omentzeko ekitaldian. Alkateak ez ezik, 1979tik aurten arte zinegotzi izandakoak ere omendu zituzten. Era berean, Zeraingo Herri Kandidatura osatu dutenek, hiru hamarkadatan izandako «herri eredua» defendatu zuten igandeko ekitaldian.
Eguerdi partean hasi zen jaia, triki-poteoarekin. Segidan, txistulariak gidatuta, bost alkateak buru zituen segizioa plazaraino joan zen. Elizako paretetan, orain arteko bost legealdietako udal taldeak osatu dutenen izenak jarri zituzten. Ondoren bazkaria egin zuten denek elkarrekin. Bazkalondoan, alkate bakoitzari oroigarri bana eman zitzaion. Omendutako alkateak, Antonio Gartzia, Iñaki Berasategi, Andoni Alustiza, Jose Manuel Oria eta Haritz Iztueta izan dira.
Azken hauteskundeetan Zeraingo Herri Kandidaturaren buru izan den Aitzol Telleriak hartu zuen hitza ondoren. Orain arteko bost alkate hauen eredua defendatu zuen Tellriak. Eta aurten udaletik kanpo gelditu badira ere, «herriaren eta herritarren alde lanean» jarraitzeko asmoa agertu zuen. Sebastian Lizasoren bertsoekin bukatu zuten ekitaldia.