Urrup taldeak ‘Figuranteen matxinada’ antzeztuko du Ordiziako Herri Antzokian
Urrup antzerki talde goierritarrak Figuranteen matxinada antzezlana estreinatuko du gaur, 22:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak 5 euro balio du.
Figuranteen matxinada antzezlana Jose Sanchis Sinisterra valentziarrak idatzi zuen. Bertan, figuranteak protagonisten aurka altxatzen dira eta eszenarioa okupatzen dute. Komedia honek hausnarketarako galdera bat ere proposatzen die ikusleei: gu al gara gure bizitza gidatzen dugunak?
Urrupeko kideek goierritarrak gaurko saiora joatera gonbidatu dituzte. Figuranteen matxinada komedia «dibertigarria eta ikusgarria» dela diote.
Goierriko antzerki talde hau erronka zalea da, baina hau orain arteko handiena da: antzezlanaren une batean antzerki taldeko hamalau lagun elkartuko dira taula gainean, Frantziako Iraultzaren garaiko jantziak prestatu dituzte… «Antzezlan honen euskarazko adaptazioa prestatzeko, mugaraino eraman ditugu gure gaitasun artistiko, tekniko eta ekonomikoak», aipatu dute Urrupekoek.
Apustuak merezi izan duela uste dute. Beraien esanetan, komedia «eroa eta dibertigarria» egin dute. Gainera, Herri Antzokira hurbilduko diren ikusleek, ondo pasatzeaz gain, antzezlanean parte hartuko dute.
Urrup antzerki taldea duela 24 urte sortu zen. Euskal Herriko talde afizionatuen artean, maila altuenetakoa da. Goierritarrei antzerki mundua ezagutzeko aukera ematen die eta eskualdeko aktore askok bertan eman dituzte lehen pausoak. Sara Cozar ordiziarrak, adibidez.
Gainera, oso dramaturgo ezagunen lanak egokitu dituzte urte hauetan guztietan: Eugene Ionesco, Dario Fo, William Shakespeare, Federico Garcia Lorca, Juan Jose Alonso Millan, Alberto Miralles…
Datorren urtean taldeak 25 urte beteko ditu eta zer edo zer berezia prestatu nahi dute urteurrena ospatzeko. Etorkizuna itxaropenez ikusten dute. «Gurea talde handia, aberatsa eta irekia da. Izan ere, jende guztiari irekitzen dizkiogu ateak eta adin guztietako jendea dugu», amaitu dute.