Marino Lejarreta omenduko dute Ordizian, lasterketa batekin
Ordiziako Klasikoaz gain, zer esan handia emango duen beste lasterketa bat antolatzen ari da Txapel Gorri elkartea. Izan ere, Marino Lejarreta txirrindulariaren omenezko proba egingo dute, urriaren 4an. Taldekako erlojupekoa izango da, eta 32 kilometroko ibilbidea egingo dute, Ordizian hasi eta bukatuta, Alegia, Amezketa, Larraitz eta Gaintzan barrena.
Izen ezagun ugari bilduko ditu probak, txirrindu zaleen gozamenerako. Baina ez dira gaur egungo tropelean dabiltzan txirrindulariak izango; euskal bizikletaren historian beraien orria idatzi duten ziklista ohiak baizik. Horien artean egongo dira Marino Lejarreta eta Ismael anaia, Julian eta Ruben Gorospe anaiak, Aitor Garmendia, Jokin Mujika, Peio Ruiz Cabestany, Roberto Laiseka, Xabier Aldanondo, Txomin Perurena edota Neil Stephens eta Allan Davis, besteak beste.
Marino Lejarretak 13 urte (1979 eta 1992) egin zituen profesionaletan. Besteak beste Teka, Alfa, Seat-Orbea, Caja Rural eta ONCE taldeetan aritu zen, eta 52 garaipen lortu zituen. Ordiziarekin ere lotura estua izan du Berrizkoak; hiru aldiz irabazi du Klasikoa, 1981, 1988 eta 1989. urteetan.