Ordiziako 'herrikoaren' eta Irriki elkartearen itxiera salatu ditu udalbatzak
Herrikoa libre
Bizikleten aparkalekua
Galdera-erreguen tartean, Edurne Huesa herritarrak hartu zuen hitza. Udal berriari garapen iraunkorraren eta biodibertsitatearen aldeko apustua egiten jarraitzeko eskatu zion lehendabizi. Ondoren, bizikleta erabiltzaile moduan, udaletxe azpiko bizikleten aparkalekua kentzearen arrazoia zein zen galdetu zion alkateari. Santamariak azaldu zuen, hainbat herritarrek Urdanetaren atzealdean aparkaleku bat eskatu zutela, eta aurrekontuetan beste bat egitea aurreikusita ez zegoenez, lekuz aldatzea erabaki zutela. Huesak erantzun zion “herrigunean zegoen aparkaleku bakarra” zela, eta ea orain kaskoan aparkatzeko zein aukera gelditzen zaien.
Era berean, bizikleta erabiltzaile moduan, Iban Asenjok ere hitz egin zuen. Aparkalekua tokiz horrela aldatzea “erabaki prezipitatua eta unilaterala” izan zela azaldu zuen, eta “aparkaleku hori zegoen tokira” itzultzeko eskatu zuen. Gainera, lehen aparkalekua udaletxe azpian jarri bazen, herritarrek hala eskatu zutelako izan zela gogorarazi zuen. Santamariak erantzun zuen batzordean zeuden teknikoekin batera hartutako erabakia izan zela, eta agian azkarregi jokatu dutela; hori dela eta, aurrerago gaia dagokion batzordean landuko dela azaldu zuen.
Pasa den astean legealdiko lehen osoko bilkura egin eta gero, pleno arina izan zen atzo iluntzekoa; lantzeko gai gutxi zeuden eta festa usaina nabari zen kalean. Puntu nagusietako bat, EH Bilduk ‘herriko tabernen’ itxiera salatzeko aurkeztutako mozioa izan zen. Testu horretan, Espainiako Epaimahai Gorenak 107 herriko tabernen eta elkarteren itxiera berretsi izana “erabaki politikoa” dela eta 36ko gerraren ondoren egin den “desjabetze politikorik handiena” izango dela salatzen da. EH Bilduko zinegotziek ez ezik, EAJko eta Ordizia Oraineko ordezkariek ere babesa eman zioten mozioari; PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen.
Igor Eguren EH Bilduko bozeramaileak, Euskal Herri mailan ez ezik, epai honek Ordizian izango duen eragina nabarmendu zuen. “Eragin handia izango du, ‘herriko’ taberna ez ezik, Irriki elkartearen itxiera ekarriko baitu. Ez dakigu noiz eta nola aplikatuko den, baina azpimarratu nahi dut atzera bueltarik gabeko erabakia dela”. Hainbat datu ere eman zituen; hala, ‘herrikoaren’ itxierak 8 langile langabezian utziko dituela gogorarazi zuen, eta elkartearen itxierak 80 bazkide kaltetuko dituela. Horrez gain, bi itxiera horiekin “800.000 euroko kapitala jokoan” dagoela adierazi zuen.
MOZIOA OSORIK IRAKURTZEKO: