Desanexioaz hitz egiteko partehartze prozesua egin dute
Hauteskundeen aurretik adostu zuten Ezkioko eta Itsasoko herritarrek desanexio prozesua hastea. Gaurtik aurrera, ordea, bide ofiziala hartuko du itsasoarren eskaerak. Izan ere, Ezkio-Itsasoko Udalak argi berdea emango dio Itsaso udalerri independiente izateko banaketa espedienteari. Gaurko osoko bilkuran aztertuko dute gaia, 19:00etan.
Ezkio-Itsasoren herri izaeraren inguruan gogoeta egiteko partehartze prozesua jarri zuten martxan 2013an. Han atera zen eskakizunetako bat, Itsasok herri izaera berreskuratzea izan zen. Desanexioaren inguruko txosten juridikoa eta ekonomikoa egin zuten gero, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi zuten. Orain, hurrengo pausoa desanexio espedientea onartu eta bidaltzea izango da.
Aldundiak espediente hori onartu eta desanexioari bide emango balio, mahai bat osatuko lukete, ezkiotarrek nahiz itsasoarrek, banantzea egiteko xehetasunak aztertzeko.
Bidegorria eta ostatua
Gai nagusia hori izango bada ere, beste bi puntu baditu gaurko gai ordenak. Batetik, Alegiko bidegorria egiteko behar diren lursailen kontratuak aztertuko dituzte. Bestetik, Herri Eskolaren eraikinean ostalaritza zerbitzuen kontratazioa lizitatzeko prozesua martxan jarriko dute.