Larunbatean mutiloarrek, segurarrek eta zeraindarrek egingo dute erromesaldia. Autobuseko txartela hartzeko azken eguna bihar da, Imaz estankoan. Irailaren 8an legazpiarren txanda izango da
Mutiloarrak, segurarrak eta zeraindarrak 2013ko erromesaldian. / Pello Agirrezabal
Urteroko ohiturari jarraituz, iraileko lehen asteburuan Arantzazura erromesaldia egingo dute Segurako, Zeraingo eta Mutiloako hainbat herritarrek. Larunbatean 08:00etan abiatuko dira, autobusez. Segurako plazatik aterako da autobusa.
Bihar da txartela hartzeko azken eguna, Segurako Imaz estankoan.
Otzaurtera joango dira autobusez, eta handik oinez Arantzazura. Mendiz egiten dute ibilbidea, Urbiatik pasata. Indarrak berreskuratzeko, Urbiako fondan denek batera bazkaltzen dute, eta gero Arantzazura jaisten dira. Garai batean Arantzazun bertan pasatzen zuten gaua, baina orain buelta egiten dute berriz autobusez.
Nahi duenak
igandean ere berriz izango du Arantzazura joateko aukera. Autobusa 10:00etan aterako da Segurako plazatik. Meza entzun eta Ospederian bazkaltzeko aukera izango da, eta iluntzerako bueltan ekarriko ditu berriz autobusak.
Irailaren 8an Legazpitik
Legazpiarrek, bestalde, datorren astean egingo dute erromesaldia Arantzazura, irailaren 8an.
Autobus zerbitzua izango da. 07:30ean autobus bat irtengo da Saturnino Telleriako biribilgunetik Udanaraino, handik oinez joateko. Amabirjinaren iturrian salda eta txorizoa emango zaizkie oinezkoei. Bestalde, 10:00etan beste autobus bat aterako da leku beretik, Arantzazuraino autobusez joateko. Autobus zerbitzua erabiltzeko udaletxean izena eman behar da.
Arantzazun herri bazkaria egingo dute legazpiarrek, 14:00etan, Arantzazuko Santutegia hotelean.
Bazkarirako txartelak 20 euroan jaso daitezke udaletxean. Bueltako autobusa 17:30ean izango da.