Beasaingo Futbol Festarako izena eman daiteke dagoeneko
Hilaren 18tik 20ra jokatuko dute 2004 eta 2010 urte artean jaiotako neska-mutilek Loinazko San Martin plazako futbol zelai txikietan.
Irailaren erdi aldera haurrentzako futbolaren festa antolatzen du Beasain Futbol Taldeak, futbola herritartzeko helburuz. Futbol zelaitik herri erdiguneko Loinazko San Martin plazara eramaten dute futbola asteburu batez, etorkizuneko futbolariak eta futbol zaleak lortzeko asmoz. Aurten hilaren 18tik 20ra izango da futbol festaren asteburua.
Loinazko San Martin plazan jartzen dituzten bi futbol zelai txikian hiru taldekidez osatutako partidak jokatuko dituzte neska-mutilek, adinka banatuta. 2004 eta 2010 urte artean jaiotakoek har dezakete parte.
Antolaketa lana errazteko, dagoeneko eman daiteke izena. Seguros Bilbaoren bulegoan (San Inazio kalean), Xerbera tabernan (geltoki ondoan) eta Igartza Futbol Zelaiko tabernan eman daiteke izena. Parte hartzaile bakoitzak oroigarri eta kamiseta bana jasoko du.
Futbol asteburu horretan, Beasain futbol taldeen aurkezpena egingo dute.