Goierri eta Iruñea lotzen dituen lineako arratsaldeko autobusak kendu dituzte
Abuztuaren 1ean Goierri eta Iruñea lotzen dituen lineako bi autobus kendu zituzten. Arratsaldekoak, hain zuzen ere: bata Iruñera joaten zen eta bestea Nafarroako hiriburutik etortzen zen. Erabiltzaileak ez daude batere gustura Iruñetik arratsaldez itzultzeko aukera kendu dietelako eta Pesa enpresakoek azken asteetan kexa batzuk jaso dituztela onartu dute.
Pesakoek ardura ez dela beraiena gogoratu dute, ordea. «Linea hau Madrilgo Sustapen-ministerioaren esku dago. Beste enpresa bati eman zioten, baina beraiek ez zuten hartu eta ondoren guri eman ziguten. Orain, arratsaldeko autobusak kentzeko agindu digute. Egia esan, linea hau jende dezentek erabiltzen du», aipatu du autobus enpresako ordezkari batek.
Goierri eta Iruñea lotzen dituen autobusa Eibartik eta Nafarroako hiriburutik ateratzen da. Orain arte goizean eta arratsaldean bina autobus zeuden: bata Iruñera joateko eta bestea Iruñetik itzultzeko. Orain, goizekoak bakarrik daude. Iruñera doana 07:45ean irteten da Eibartik. Iruñetik itzultzen dena, berriz, 11.00etan irteten da. Goierriko sei herritan gelditzen da: Zumarragan, Ezkio-Itsason, Ormaiztegin, Beasainen, Lazkaon eta Ataunen.
Goierriko herriek gero eta lotura eskasagoa dute Nafarroarekin. Izan ere, garai batean Goierri eta Lizarra lotzen zituen autobus bat ere bazegoen. Autobus hau duela urte pare bat kendu zuten.