Eguraldiak lagunduta, aurreko urteetan baino jende gehiago ibili da igerilekuetan. Herri txikienetan ateak itxi badituzte ere, handienetan 13ra arte izango dira zabalik
Uda beroa izan da aurtengoa eta uztailean eta abuztuan jende asko ibili da Goierriko igerilekuetan. Bi hilabeteotako datuei begira, gustura agertu dira kiroldegietako arduradunak, eta iazkoaren aldean, aurtengoa kanpaina ona izan dela azaldu dute. Orain ordea, azkenetan dago udako denboraldia, eta egunotako eguraldiak bukaera iragarri izan balu bezala, dagoeneko eskualdeko igerilekuetako batzuk hasiak dira ateak ixten.
Herri txikietakoak izan dira goiztiarrenak; Seguran eta Ormaiztegin, esaterako, astelehenean eman zuten bukatutzat udako denboraldia. Lazkaon berriz, asteburura arte itxarongo dute. Igerilekuko ateak ofizialki igandean itxiko badituzte ere, larunbatean denboraldi bukaerako festa egingo dute; hala, arratsaldean zehar, puzgarriak eta jolasak izango dira. Aurtengoa «denboraldi ona» izan dela azaldu du Jokin Izagirre Joxemiel Barandiaran kiroldegiko arduradunak. Datu zehatzik ez badute ere, «eguraldiak lagundu» egin duela eta aurreko urteetan baino «jende gehiago» ibili dela dio. «Uztaileko egun beroetan jende asko ibili zen; abuztua lasaixeagoa izan da, jendea oporretara joaten da eta». Beste urte batzuetan izandako jarrera desegokirik ere ez dutela aurten ikusi nabarmendu du.
Beste bi aste
Herri batzuetan denboraldia bukatuta edo bukatzear bada ere, Goierriko bost herririk hazienetan hilaren 13ra arte, zabalik izango dituzte igerilekuak.
Legazpiko Bikuña kiroldegian, aurtengo uda ona izan dela azaldu du Pello Garmendiak. «Datu politak dira, abuztuan 7.600 lagun etorri dira, horrek esan nahi du, bataz beste 245-250 lagun inguru izan direla eguneko». Iazkoaren aldean gorakada nabarmena ikusi du, bataz besteko hori ez baitzen eguneko 200 lagunera iritsi.
Urretxuko Aldiri kiroldegian ere, datu onak bildu dituzte aurten. Edorta Marquezek azaldu duenez, «oso uda ona» izan da aurtengoa. «Uztaila oso indartsu hasi genuen, bero egin zuen eta horri esker jende asko animatu zen». Abuztuan, herrian jende gutxiago zegoela eta, lasaiagoa izan dela dio Marquezek, hala ere, «aurreko urteetan baino jende gehiago» izan dute.
Ordizian, agur festa
Ordizian ere, irailaren 13an itxiko dute kanpoko igerilekua, eta egun horretarako, denboraldia agurtzeko festa antolatu dute. Hala, 14:00etatik aurrera, programazio berezia izango dute. Aurrena, paella jan herrikoia egingo dute; 15:30ean, apar festa eta jokoak izango dira, eta 17:00etan, Potxin eta Patxin pailazoak. Eguna bukatzeko, 18:30ean luntxa egingo dute, musikaz lagunduta.