Guillermo Aldalur 'Pikua' soinu jotzailea gaur agurtuko dute
Euskal musika herrikoian soinu jotzaile ospetsu izan zen Guillermo Aldalur Zabala Pikua (Azkoitia, 1933) atzo hil zen, 82 urterekin. Osasunez makaldu, eta bi aste erietxean igaro ondoren, Donostia Ospitalean zendu da.Azkoitiko Pikua tabernan jaioa, gaz...
Azkoitiko Pikua tabernan jaioa, gaztetan ekin zion Pedro Elortza koinatuarekin akordeoia ikasteari. Haren bidez hasi zen festetan jotzen ere, hasieran Araban. «Arabako herri txikietan lan asko izaten zen. Garai hartan Gipuzkoa baino hobeto ezagutzen nuen», zioen Pikuak, 2011n, Gipuzkoako Hitza-n.
Sorterriko eta inguruko erromeriak ere girotzen zituen, igande arratsaldeetan. Elosun, Aizpurutxon… Pepita Izagirre gabiriarrarekin ezkondu ondoren, baita Gabirian ere. Legazpin urte askoan bizi izan ondoren, Lazkaon igaro du bizitzaren azken zatia. Gizon patxadatsua, estimatua zen ezagutzen zuten toki orotan, bai musikarien artean, baita herritarren artean ere.
Ezkontza ugaritan dantzaldiak animatu zituen, bakarrik lehenik, taldetxo batean geroago.
Loiola irratian grabazioa
Irrati bidez ere aireratu zuen bere soinua Pikuak. Loiola Irratiak hari grabatu zion lehenbiziko aldiz soinua, 1961ean. Iturbide zuen pandero jotzaile. Landakanda lagun zuela ere ibili zen, baita gero Gelatxorekin ere. Arrate eta Segura irratietan ere ezaguna zen.
Musikari bokazioa azkenera arte mantendu du. Gabirian igandero jotzen zuen organoa, azkena festetan. Han egingo diote hileta, gaur 19:00etan.













