Goierri beheko liburudenda nagusiak hasi dira pixkanaka 2015-2016 ikasturte berriaren etorrera nabaritzen. Koaderno, arkatz, bolaluma eta antzekoak dira salduenak, eta testu liburuak-eta enkarguz lortzeko aukera ere badago.
Eskolarako era guztietako materiala dute salgai liburudendetan.
Datorren astelehen eta astearte bitartean ekingo diote Goierriko ikastetxe gehienek 2015-2016 ikasturte berriari, eta egun nagi horiek iristear direla, etxean jasotako eskolarako materiala antolatu eta berria erosteko garaia ere ailegatu zaie ikasle eta gurasoei. Eskolarako oinarri-oinarrizkoak diren koaderno, bolaluma, arkatz, ezabagoma eta zorrozkailuak estreinatzeko egunak dira, eta pixkanaka bada ere, liburudendetan ari dira mugimendua sumatzen.
Beasaingo Mirentxu liburudendan bi alditan saldu ohi dute oinarrizko material hori, Izaskun Izagirrek azaldu duenez: «Ekainaren azkenean notak ematearekin batera, irailean zer material beharko dute esaten diete ikasle batzuei, eta badago jendea uztaileko lehen astean erosten duena. Bestela, aurreko astean jendea ibili zen, eta honetan gehiago etorriko da». Testu liburuen eskariak enkarguz hartzen dituzte, ikastetxe gehienek mailegu sistema martxan dutela aintzat hartuta. Batekoz beste familia bakoitzak zer gastu egiten duen jakiterik ez dagoela dio, ezin dela orokortu, eta materialetan denetik dagoela, merkeenetik garestienera. Familia ugariei %10eko deskontua egiten diete.
Jendea, azken orduan
Lazkaoko Gerriko eta Ordiziako Mujika liburudendetan ez dute oraindik horretarainoko mugimendurik antzeman, baina eguna gerturatu eran edo ikasturtea hastearekin batera, jendea gerturatuko dela diote. Prest dituzte kolore guztietako bolaluma eta karpetak, eta mugitzen lehenak Lehen Hezkuntzan hasi behar diren ikasleek gurasoak izan direla adierazi dute Gerrikon.
Mujika liburudendako Maria Rosario Mujika eta Ekain Mendizabal ama-semeek ere ildo berean hitz egin dute. «Aurreko astean ireki genuen eta jende oso gutxi ibili zen. Aste honetan zerbait gehixeago», adierazi du Mendizabalek. Instituturako eta Hizkuntz Eskolarako testu liburu batzuk enkarguz hartu dituzte dagoeneko, baina gainontzean oinarrizko materiala saldu ohi dutela nabarmendu dute.