Gauez izango da irteera, eta tresneria berezia erabiliko dute saguzarrak ikusi eta entzun ahal izateko.
Saguzarra
Parketxe Sareak hainbat ibilaldi antolatu ditu Gipuzkoan saguzarrak gertutik ikusi eta haiei buruz gehiago ikasteko helburuarekin. Aurreko asteburuan Ataungo Barandiaran museotik egin zuten irteera. Larunbat honetan, berriz, irailaren 5ean, Zegamako Anduetza parketxetik egingo dute irteera. 20:00etan hasiko da.
Saguzarrak, ugaztun hegalari harrigarriak. Horixe da Parketxe Sareak antolatutako ibilaldi sortaren izena. Saguzar espezie desberdinei buruzko azalpenak emango dituzte. Saguzarrekin lotutako beste hainbat gairi buruz ere hitz egingo dute: bizi ohiturak, elikadura, ehizatzeko eta hegan egiteko modua, ingurumenean duten garrantzia…
Irteerak bi zati ditu. Lehenengo zatian oinarrizko azalpenak emango dizkiete parte hartzaileei, Anduetza Parketxean bertan. Gero kanpora aterako dira ilunabarrean saguzarrak entzuteko eta, ahal bada, ikusteko. Tresneria berezia erabiliko dute.
Izena eman behar da
Parte hartzeko izena eman behar da. Horretarako, deitu parketxera (943 80 21 87) edo idatzi posta elektronikoz (anduetza@gipuzkoamendizmendi.net). Adin guztietako lagunei zuzenduta dago. Bost eta hamabi urteko haurrentzako prezioa hiru eurokoa da; helduentzat, bost euro.